Portua euskal kulturaren arnasgune eta herriko denda irekia bilakatuko da gabonen atarian

Koldo Nausia 2024ko abe. 4a, 14:14

Gabonetako erosketak Hondarribian egiteko azoka-sorta antolatu du Udalak herriko dendari, artisau eta artistekin batera. Abenduaren 12tik 15era inoizko Euskal Azokarik zabalena izango da Arrantzale auzoan. Eta Madalen plazan, Gabonetako Merkatua ospatuko dute abenduaren 14an eta 15ean, herriko 18 artisau, dendari eta herriko marka konplizerekin.

Hondarribiak azoka-sorta antolatuko du gabonetan tokiko kontsumoa suspertzeko. «Merkataritza herriaren taupada, motorra eta arima» dela sinetsita dago Udala, eta Estitxu Urtizberea alkateordeak aditzera eman duenez, aurtengoan apostu sendoa egin nahi izan dute abenduan herrian antolatu ohi diren bi azokak batu, eta «gabonetan bertan kontsumitzearekin batera, ekonomia ez ezik, komunitatea indartzeko» helburuarekin hainbat kultur jarduera antolatu dituzte. 

Euskal Azokaren urteurrena

Horrela, aurten 30. edizioa betetzen duen Euskal Liburu eta Diska Azoka "Euskal Azoka" gisa aurkeztuko dute abenduaren 12tik 15era. Garoa Lekuona Euskara arloko zinegotziak argitu duenez, Arrantzale auzoko betiko lekuan antolatuko dituzte postuak. Baina aurtengoan Alberdania, Elkar, Erein, Ibaizabal, Pamiela, Susa edo Txalaparta argitaletxeen liburu, disko eta komikien azken argitalpenetaz gain, euskal kultura eta sormenari lotutako produktuak eta ekitaldiak ere izango dira, artisten parte hartzearekin. 

Iragarri dutenez, Arrantzale auzoko kaxota guneaz gain, Itsas Etxeko auditorioa eta Alde Zaharreko Kultur Etxera ere zabalduko dute programazioa. Horrela, 39. Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketaren sari banaketa, Naiara Goikoetxea artistaren Mural Margoketa, 4-7 urteko haurrentzako ipuin kontaketa, Ombuaren Itzala luzemetraiaren proiekzioa, irakurketa eta Mintzapraktikak, eta ekitaldien artean, Olatz Salvadorren “Zainak eman” diskaren aurkezpen kontzertua, Itziar Ituñoren Ingot taldearen “Zeugaz” diskoaren aurkezpena edota Miren Amurizaren “Titiritari”, Iosune Goñiren “Ahizpa beltza” liburuen aurkezpeneak, besteak beste.

Aurten beraz, duela 30 urte Hondarribiko Udalak egindako azok honen aldeko apostua bikoiztu egin nahi izan dute, euskal kulturaren arnasgune izan dadin, eta euskal kultura kontsumitzera animatzeko. Asier Muniategi, Euskal Liburu Ganberako presidentea pozik azaldu da ekimenarekin, eta gabonetan «liburu bat oparitzea baino ederragorik ez dagoela» aldarrikatu du. Hiru hamarkadatan euskal kulturak izan duen garapen bizia azpimarratu du, baina oraindik ere euskaraz idatziriko liburuen salmentaren %80a hezkuntzari lotutako derrigorrezkoak direla ohartarazi du.

Zentzu honetan, oraindik ere euskaraz irakurtzeko militantzia beharrezkoa dela uste du, nahiz eta garai batean ez bezala euskal literatura unibertsala bilakatu den azken urteetan. «Lehen gure gauzetaz idazten zela pentsatzen zen, baina gaur egun euskaraz idatziriko obrak hizkuntza askotara itzultzen dira, eta mundu osoan irakurtzen dituzte, gai oso anitzetaz gainera», aldarrikatu du Muniategik. Nolanahi ere, Durangoko Azokan aurkeztuko dituzten azken argitalpenak Hondarribiko Euskal Azokan %10eko deskontua izango dutela oroitarazi du, eta beraz, gabonetarako aproposa dela.

Tokiko komertzioa eta artisautza

Baina abenduaren 12tik 15era Euskal Azoka ospatuko den bitartean, Portua auzoan ere, Madalen plazan Gabonetako Merkatua ospatuko dute abenduaren 14an eta 15ean. Beraz, «bi egunez ez ohiko eskaintza eskura izango dute bertako herritarrek kalitatezko erosketak konfiantzaz egiteko, baita bisitariek ere», nabarmendu du Estitxu Urtizbereak. Merkatuan gainera, herriko artisau eta artistak ere topatuko ditugu, euren produktu esklusiboekin. Orotara, 18 dendari eta artisauek hartuko dute parte merkatuan.

«Mimo handiz» antolatutako Gabonetako Azokak tokiko kontsumoa suspertzeko helburua du. Baina alkateordeak aldarrikatu duenez, «gure merkataritza babestu eta honek bizirauteko bertan kontsumitzea garrantzitsua bada ere, herritarrok elkarri laguntzeko, harremanak sendotzeko eta gure herri izaera bizirik mantentzeko ere baliagarria da».

Horretarako, gabonetako merkatuarekin batera, hainbat tailer eta ekitaldi egingo dira, familiek, gazteek eta helduek parte hartzeko. Bi egunetan haurren txoko bat egongo da, baita zuzeneko musika azokaren inguruetan ere. Aukera guztiak www.hondarribia.eus udal atarian zehaztuko dituzte.