Portuarraken historia eta auzoaren bilakaera ezagutzeko saioa antolatu du Arma Plazak

Antxeta Irratia 2024ko abe. 12a, 10:29

Arma Plaza Fundazioaren Ezagutu Zure Hiria ekimenak Portua auzoaren historia, arkitektura eta bizimoduen garapena sakonean ezagutzeko saioa proposatzen du abenduaren 13an eta 14an. Orain arte sakonki aztertu ez den marinel eta arrantzale auzoaren historia hobeto ezagutzeko aukera eman nahi dute Aritz Diez Oronoz eta Josu Narbarte Hernandez ikerlariek, I. Enrike Lekuona bekari esker egindako "Portuarrak" ikerlanaren berri emanez. 

Oraingo honetan, Aritz Diez Oronoz, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasleak, eta Josu Narbarte Hernandez, arkeologo eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek 2019ko I. Enrike Lekuona ikerketa-bekari esker egindako "Portuarrak, Hondarribiko itsas komunitatearen begirada historikoa" ikerlanean aztertutakoaren berri emango dute, hitzaldi eta bisita banarekin. 

Bi egileek diote gutxi ikertu dela Magdalenako kuboaren eta Arroka Puntaren artean zegoen arrantzaleen auzoaren historiari buruz. Iturri historikoetan komunitate horri egiten zaizkion erreferentziak urriak dira, eta askoz ere zailagoa izan dute historikoki hurbiltzea. Hain zuzen ere, ikerketa-proiektu honen helburua hutsune hori betetzea izan zuten, Hondarribiko portuen historiari beste begirada bat emanez. Eta Portua auzoaren garapen historiko, arkitektoniko eta soziala aztertuz.

Aritz Diezek aurreratu duenez, ostiraleko hitzaldian bi ikerlariek hartuko dute parte, egindako ikerketaren aspektu zehatzak azaltzeko: «Auzoaren garapena, arkitektura eta bertan bizi izan zen gizartearen ezaugarriak, bizimodua eta bilakaera». Hitzaldia Arma Plazako interpretazio zentroan bertan izango da, abenduaren 14an 19:00etan euskaraz, baina aldi bereko itzulpen zerbitzuarekin. Larunbatean, Mariñel itsasontzitik 11:00etan (12:30 gazteleraz) abiatuko den bisita gidatuan, aldiz, «azalpen kronologikoa egingo dute, auzoaren espazio desberdinetan ikus daitekeen eboluzio arkitektonikoa eta garai historiko desberdinei buruz», argitu du ikerlariak. Bisita 25 lagunentzako mugatua dago, eta erreserba egiteko info@armaplaza.eus posta elektronikoan egin behar da, edota 943 644623/943 643677 telefonoetara deituz.

Orain arte sakonki aztertu ez den historia bat da portuarrena edo portuarrakena Hondarribian, eta bisita honi esker, hobeto ezagutzeko aukera eman nahi dute. Izan ere, bisita honek Portua auzoko portuarraken arkitekturak eta istorioak ezagutzeko aukera emango du. Madalenako errebaleko kale eta eraikin esanguratsuenen artean paseatuz, eta kalez-kale marinel eta arrantzari lotutako iragana eta oraina ezagutuz, auzo guztiari itzulia emango diote, Kai Zaharrean bukatuz.