Estatuak XVII. mendeko Ramery jauregi-etxea udal ekipamenduetarako lagatu dio Hondarribiko herriari

Antxeta Irratia 2024ko abe. 13a, 15:35

Lagapenaren akordioa izenpetu berri dute Espainiar Estatuko Ekonomia eta Ogasun ordezkari Javier Herrerok eta Igor Enparan alkateek. 486 metro koadroko ondare izaera duen eraikinean, udal-instalazioak handitzeko lanetan hasiko dira lehenbailehen, Alde Zaharra biziberritzeko balioko duen herritarrei irekitako udal ekipamendu batekin. 

Hondarribiko Udalak Pampinot kalean dagoen Ramery Etxearen eraikinaren udalaren aldeko lagapen mugagabearen hitzarmena sinatu du aste honetan. Estatuko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ordezkari Javier Herrerorekin bildu da Igor Enparan alkatea horretarako, Donostiako Okendo kalean estatuko Ogasun ordezkaritzaren egoitzan. Alkateak argitu duenez, «akordioak udalari ahalmena ematen dio eraikin osoa erabil dezan udal-instalazioak handitzeko». Udal teknikariek estatukoekin lankidetzan egindako lan nektsuaren emaitza da honakoa, prozesu honen lehen urratsak duela hiru urte eman baitziren. 

Igor Enparan alkateak Kultura eta Ogasun ministerioei eskerrak eman die hondarribiarrei zerbitzu emango die eraikin hau lagatzeagatik. Era berean, orain azterlan bat abian jarriko dutela jakinarazi du alkateak, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko, eta udaleko langileen lan-espazioak handitzeko behar diren neurriak lehenbailehen ezartzeko. «Beste helburuetako bat herritarrei irekitako udal-ekipamendu bat ezartzea izango da bertan, Alde Zaharra biziberritzeko balioko duena», azaldu du Enparanek, «gure asmoa da lanean hastea eta 2025. urtean zehar gauzatzen saiatzea da». 

Ramery etxea, antzinean Agirre etxea zena, XVII. mendeko jauregi-etxea da, ondare izaerakoa eta Panpinot kaleko 16. zenbakian kokatua dago. Orotara 486 metro koadroko azalera du lau solairutan banatuak. Beheko solairua, lehenengoa eta bigarrena 135m2-koak diren bitartean, txapitula bidezko estalkipea 90m2-koa du.