Bertako dendari eta artisauekin Gabonetako Merkatua ospatu dute, ekonomia eta komunitatea suspertzeko

Koldo Nausia 2024ko abe. 16a, 13:09

Hondarribiko Gabonetako Azoka ospatu zuten Madalen plazan joan den asteburuan. Udalak, Bidasoa Bizirik garapen agentziak eta Amuitz Hondarribiko merkatarien elkarteak antolatuta, Kolore Kolore eta Eskuz Lan Bidasoko artisauen elkartearen laguntzarekin, herriko 16 dendari, artisau eta eskulangilek parte hartu zuten.

Gabonetako erosketetan tokiko kontsumoa bultzatzeaz gain, herriko sortzaileen lanak ezagutara eman eta komunitatea sortzeko helburuarekin parte hartu dutela azpimarratu digute gehienek. «Hurbileko harremana izan ohi dugu bezeroekin, batzuetan ez dira dendara sartzen baina pasatzerakoan agurtzen dute», dio Ongi Etorri dendako jabeak, «eta azokan ere, saltzen baldin bada hobe, baina herriko komertzioa bizirik dagoela erakusteko hemen egon behar dugu». 

Izan ere, gaur egungo erosketen %25a etxeko txirrina joaz banatzaile baten eskutik, kutxa batean jaso ohi dugun honetan, internet bidezko multinazionalen eta merkataritza zentro handiekin lehiatu beharretan diren merkatari txikien eguneroko borrokaren lekuko izan da Hondarribiko Gabonetako Azoka. Urtean zehar herrian antolatu ohi dituzten antzeko bestelako ekimenetan bezala, herrian azken urteetan saretzen joan den merkatari, artisau, eskulangile eta diseinatzaileen eskaintzaren parte bat, herriko kaleetan bildu da bi egunotan. Eta gabonetarako ere, erosketak bertan kontsumituz egin daitezkeela aldarrikatu dute.

Musika zuzenean eta Loihart keramikarekin tailerrak proposatu dituzte asteburuan azokan. 

Baina tokian tokiko kontsumoarekin, bertako ekonomia suspertzeaz gain, eta saltzaile eta bezeroen arteko harreman hurbila nabarmentzeaz gain, herrian dagoen aparteko eskaintza aldarrikatu dute. Azokan haur eta helduentzako tailerrak eskaini dituen Loihart keramika tailerreko artisauak, adibidez, «pieza esklusiboak» egiten ditu, eta jatetxeek eta partikularrek enkarguak egiten dizkiotela azaldu digu, Arkolla auzoan duen tailerrean ikastaroak ematearekin batera. Axalean tailerrak ere, marrazketa ikastaroak eskaintzen ditu bere Muliateko egoitzan. Eta bertako ordezkariek diseinatu eta eskuz egindako emakumeentzako osagarri eta bitxiak saltzen dituzte bertan eta Instagram kontuaren bitartez. Interneteko komertzio digitala mehatxu bat baita, baina haien produktuak merkaturatzeko aukera ere ematen duela diote. «Dena den, guk parentesi bat egiten dugu, ez dugu begiratzen merkatu globala, gure diseinuak eta gure proiektuak egiten ditugu, bezeroek beste leku batean topatuko ez dutena aurkitzen baitute Hondarribian», aldarrikatzen du beste artisau batek. 

Zentzu honetan, Gabonetako Merkatua bereziki herrikoei zuzenduta badago ere, Hondarribia hiri turistikoa denik ezin da ukatu. Eta Gipuzkoa plazan bere denda duen Bale Urdinako Lupek aitortu digunez, «bisitariei begira ere lan egin beharra dago». Zentzu honetan, Eskuz Lan Bidasoko Artisauen Elkarteko kideek ere argi dute, urte osoan zehar azokak antolatzea beharrezkoa dutela herriko sortzaile txikiek. Poltsak, motxilak eta diru-xorroak eskuz sortzen dituen 4eta2 markaren eskulagileak, adibidez, Hondarribiko Kirol Kaian zein Irungo Zabaltza plaza parean antolatu ohi diren artisauen azoketan parte hartzen du. Eta udalak azokak antolatzeari ekin badio ere, «halako gehiago antolatu behar dira» bere ustez, udan bereziki. 

Azokan ez ziren falta multinazionaletatik at dauden herriko Viv Vintage edo Kapen bezalako kalitatezko arropa dendak. Ezta Hondarribian sortutako arropa markak ere. Haien artean AMUITZ. Manex Martinez sortzaileak azpimarratu duenez, material organikoa erabiltzen du eta herriko jendearekin pentsatuz sortu du kamiseta, xira, bisera eta bestelako diseinuak. 2025era begira, kantu bat ere aurkeztuko du Amuitz markaren kamisetetan ezaguna egin den "Mirentxu olatua"ren diseinuan oinarrituta. Aspaldian hala ezaguna zen Miramarren atzealdeko arranplan (Mirentxu zinema parean) sortzen zen olatua da. 

Azoka amaitu bada ere, astelehen honetan ez dute atsedenik hartuko. Gabonetako kanpaina bete-betean murgilduak baitaude Hondarribiko merkatariak, auzokideen beharrak asetzeko gogotsu lanean.