Ostegunean plenora eramango duten 2025eko aurrekontua aurkeztu du udal gobernuak

Antxeta Irratia 2024ko abe. 17a, 14:59

Hondarribiko Udalak datorren urteko proiektuak ezagutara eman, eta diru publikoa zertan gastatu eta inbertituko duen azaltzeko, youtube bitartez agerraldi irekia egingo du gaur Igor Enparan alkateak. 19:00etan herritarren galderak ere erantzungo ditu Hondarribiko Udalaren youtube kanalean. ‘Egungo beharretatik etorkizuneko jasangarritasunera’ lelopean, Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak 34.262.533’79 euroko aurrekontua eramango du osteguneko Osoko Bilkurara, iazko aurrekontua baino %18 gehiago.

Abenduaren 19an, ostegun honetan udalbatzara udal gobernuak eramango duen inoizko aurrekonturik handienaren zergatiak, proiektu nagusiak eta diru iturriak argitu ditu Igor Enparan alkateak, udal gobernukide guztiekin batera egindako agerraldian. 17.000 biztanle dituen Hondarribian «herritarren beharretara egokitzeko eta auzoen garapena sustatzeko, arlo sozialera, ingurumenekora, ekonomikora eta azpiegituretara bideratutako ekarpenak handitzeko saiakera jasotzen duen lan tresna» prestatu dutela azpimarratu du. 

Aurrekontuen osaketa modu parte hartzailean egin dutela nabarmendu du ere. Eta oposizioko udal taldeek gobernuak galdegindako epeetan euren proposamenak aurkeztu ez zituzten arren, kontuan hartu dituzte, eta udal gobernuan diren alderdiez gain, EAJren 1.732.850€ eta PSE-EEren 3.601.250€ aportazioak aintzat hartu dituzte. 

Diru iturri handienak, 15 milioi euro udal finantzaketarako Gipuzkoako Foru Ogasun funtsatik dator, eta gainerakoan Hiri Ondasunen Gaineko Zerga 5.459.000 €, Hirigintza Aprobetxamenduak 4.503.223 €, Ibilgailuen Aparkamendua 1.300.000 €, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zerga 1.250.000 €, Kirol Instalazioen Erabilera 1.220.265 € eta Hiri-Lurren Balio Gehikuntzaren Gaineko Zerga 1.000.000 € dira sarrera nagusiak. 

Langilego eta udal zerbitzuak

Gastuei dagokionean, aldiz, ia 9 milioi euro eta erdi pertsonalaren gastuak eta ohiko zerbitzu eta material erosketak dira, aurrekontu osoaren laurden bat. 2025ean langilegoari dagokion partidak %10 gora egingo duela iragarri du alkateak. Izan ere, batetik, udaletxe azpiko BAZ bulegoa zena berriz ireki eta udala herritarren zerbitzura jartzeko asmoa dute 2025ean, eta bestalde, Partaidetza eta Ekintza Komunitarioa dinamizatuko duen teknikari bat lanean hasiko da. Hortaz gain, «langileek zein baldintzetan lan egiten duten garrantzitsua da, eta udal langilegoaren egonkortze aldera, bi ala hiru oposaketa martxan jarriko ditugu martxan», aditzera eman du alkateak. 

Bestalde, oinarrizko udal zerbitzuen hainbat kontratu aspaldi iraungita daude, eta kontratazioen baldintzak berritzekoak dira. Hau eta udalak eskaintzen hasiko dituen zerbitzu berriek ere, %7 emendatuko dute 2025ean kontratazioetarako gastua. Alkateak iragarri duenez, hiruzpalau urtez berritu ez direnen kasuan, KPIaren igoera eguneratu behar zaie. Lorezaintza zerbitzuaren kasua da hauetako bat. Bestalde, hiri autobus garraioa ia milioi erdiko ekarpena ekarriko du, eta Gizarte Zerbitzuan eguneko unitatea martxan jarriko dute.

Inbertsio nagusiak

Inbertsioei dagokienez, %73ko igoera izango dute iazko aurrekontuekin alderatuta. Apirileko kreditu modifikaziora itxaron gabe, ia 6 milio euroko partida bideratuko du udalak horretarako, denbora ez galtzearren. Enparanek argitu duenez, «kontratazioak lehenbailehen egin ahal izateko aurrekontua onartua behar da, eta gure asmoa da zenbait proiektu urte hasieratik martxan jarri ahal izatea». Horien artean, Arrantzale Auzoa berriritartzeko proiektua (2.280.000 euro), Muliateko Gizarte Zerbitzuen bulego berria (719.000 euro), kiroldegirako hobekuntzak (286.000 euro), . Era berean, HAPOaren garapenerako (175.000 euro) 2025 urtea «giltzarri» izatea espero du udal gobernuak. Beste inbertsio eta proiektuen artean ere, Alde Zaharreko termiten mapa (100.000 euro) diagnostikoa egitea izango da, edota Pasaia kaleko lanen kontratazioa abiatzeko (36.000 euro). Izan ere, bigarren seihilekoan lanak hasteko helburua dute. 

Aurrekontua atalka edo jarduera motaren arabera sailkatuz gero, horrela banatzen du udal gobernuak bideratuko den diru publikoa:

Ikuspegi Sozialeko Helburuak

14.595.728,80 € pobreziarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin eta lan duinarekin lotutako (GJH) Garapen Jasangarriko Helburuetarako.

Ikuspegi Ekonomikoa

2.166.511,39 € enpleguaren sustapenari eta garapen ekonomikoari bideratutakoak dira.

Ingurumenaren Ikuspegikoak

10.001.921,50 € hiri jasangarrien eta energia garbiaren GJHrekin lerrokatutako proiektuetarako.

Zeharkako Ikuspegia

7.498.372,17 € aurreko helburuak lortzeko beharrezkoak diren egiturak.