Hondarribian erosteak saria dauka

Koldo Nausia 2024ko abe. 18a, 13:16

"Hondarribiko Bonoak" kanpaina martxan jarri du udalak herriko merkataritza suspertzeko helburuarekin. Amuitz dendarien elkartearekin elkarlanean, gabonetan egindako 30 euroko gutxieneko erosketen truke, martxoan erabilgarriak  izango diren 10 euroko 4.769 erosketa-bono banatuko dituzte. Udalak bideratuko duen euro bakots, herriko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal batean gutxienez beste lau mobilizatuko ditu.

Hondarribiko Udalak eta Amuitz dendarien elkarteak "Hondarribiko Bonoa" kanpaina abian jarri dute. Ekimen honek «herriko hurbileko salmenta sarea indartzeko eta merkatari txikiak laguntzeko» helburua duela nabarmendu du Estitxu Urtizberea alkateordeak. Maddi Carton Jarduera Ekonomikoetarako teknikariak azken asteotan merkatarien iritziak aintzat hartuta landutako kanpaina dela azpimarratu du ere, eta azken urteotako Euskadi Bono Denda kanpainarekin bat egin beharrean, «herriko ekonomiarentzat eraginkorragoa» izango den kanpaina antolatu dutelakoan daude.

Izan ere, aurreko kanpainetan ez bezala, udalak dendariekin batera sustatutako kanpaina honetan, denda mota gehiago sartu ahal izateko aukera emango du. «Beste kanpainetan zenbait saltoki mota kanpoan geratzen ziren, eta orain denda txikiak ez ezik, janari-dendak, ileapaindegiak, argazkigintza zerbitzuak edo tindategiak eta garbitegietan ere lortu ahal izango dira erosketa bonoak, kanpainaren onurak ahalik eta denda gehienetara heldu daitezen», argitu du Urtizbereak. 

Aldiz, erregai-salmenta, tabako eta erretzaileen produktuak, ostalaritza eta 400 metro koadrotik gorako komertzio establezimenduak kanpaina honetatik kanpo geratuko dira. Udal ordezkariak argitu duenez, «ikusita merkataritza soilik eremu handiko guneetan igotzen ari dela, iniziatiba hau aurrera ateratzea ezinbestekoa zaigu». 

Efektu biderkatzailea

Herriko establezimenduak aste honetan atxikitzen hasi dira kanpainara, eta abenduaren 23 arte egin dezakete. Herritarrek, aldiz, ez dute erregistratu beharrik, eta bat egin duten establezimenduetan urtarrilaren 6a arte gutxieneko 30 euroko erosketa bat eginez 10 euroko Hondarribiko Bonoa jasoko dute automatikoki. Argitu dutenez, bonoen onurak herrian erroldatutako 18 urtez gorakoei zuzenduta dago, eta merkatariek izango duten aplikazioan baieztatuko dute bezeroa herriko seme-alaba dela NAN bidez. Pertsona bakoitzak gehienez ere hiru bono eskuratu ahal izango ditu. 

Maria Carrera Amuitz elkartearen ordezkariak kanpaina abian jarri izana eskertu du. Bereziki efektu biderkatzailea izango duelako herriko merkataritza sarean eta kontsumoan. Izan ere, gabonetako erosketak eginez bezeroek lortuko dituzten bonoak martxoaren 1etik 31ra (biak barne) erabili ahal izango dira kanpainari atxikitutako establezimenduetan. «Eskertzekoa da, martxoa komertzioarentzat ez da oso hilabete ona izaten, eta bono hauek gabonetako kanpainan pizgarria izateaz gain, martxoan ere lagungarria izango da», azpimarratu du Carrerak. Izan ere, bonoak 10 eurokoak izanik, hauek gutxienez 20 euroko erosketetan erabili ahal izango dira martxoan. 

Kanpainak herriko kontsumoa sustatzeko helburua badu, udalak guztira 47.690 euro bideratuko ditu, beraz, 10 euroko 4.769 bono banatuko dira guztira. Bonoak lortzeko egin beharreko gutxieneko kontsumoa, eta hauek erabiltzeko egin beharreko gutxieneko erosketa aintzat hartuta, udalak bideratuko duen euro bakots, beste lau mobilizatuko ditu gutxienez herriko establezimenduetan. 

Informazio eta xehetasun guztiak espreski kanpainarako sortutako   atarian topa daitezke: www.hondarribikobonoak.eus