Santomas egunerako deialdi desberdinak ditugu eskualdean. Hondarribian, Portua auzoan goizeko 9:00etan barazki eta bertako produktu azoka antolatu dute San Pedro kalean. 12:00etan Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako dantzari, trikitilari eta txistulariekin kalejira egingo dute. Eta 13:00etan Santiago kalean herri kirolak izango dira. Aurten Arkaitz Etxebeste eta Aratz Mugerza aizkolariak batetik, eta bestetik Beñat Telleria eta Udane Ostolaza harrijasotzaileak iragarri dituzte. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera haurrentzako egurrezko jolasak proposatuko dituzte Arrantzale auzoan. Santiago kalean, aldiz, 18:30ean Xoxote Banda eta Klink elkarteko dantzarien emanaldia izango da, eta 19:30ean Gorka eta Izarra erromeria. Arrantzale auzoan, aldiuz, 22:00etan ere dantzaldia eta erromeria antolatu dute eguna borobiltzeko.
Etxara elkarteak bere partetik, palestinar herriarekin sustenguz txozna antolatuko du Arrantzale auzoan, goizeko 11:00etatik gauerdira. Iragarri dutenez, Gazako genozidioa jasaten ari diren familien aldeko elkartasun diru bilketa egingo dute bertan, txistorra eta sagardoa banatzearekin batera. Eta Afamada Orguestina DJ eta Don Loopek girotuko dute gunea.