Negua Berotuz programa Saindua Gaztelekuaren ohiko erabiltzaileen iritziak kontutan hartuta antolatu ditu Hondarribiko Udalak. Gazteria departamenduak gabonetarako proposatzen dituen hitzordu desberdinen artean, Gaztelekuak gabon garaiko oporretarako jarduera bailara eskainiko dizkie 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei. Toki mugatuak izanagatik ere, gazte-nerabe bakoitzak ekintza bat baino gehiagotan izena eman ahal izan du.
Lupe Queiruga, Gazteriako zinegotziak azaldu digunez, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean sei jarduera edo irteera proposatu dituzte. Abenduaren 26an Jump Park batetara joango dira, eta «ordaindu beharko den bakarra» dela azpimarratu du. PArtaide bakoitzak egunean bertan eraman beharko du sarrera ordaintzeko dirua, 6,80€. Gainontzeko ekintza guztiak muxu truk izango dira. Abenduaren 27an goizez Txuri-Urdinera joango dira izotzean patinatzera eta abenduaren 28an karting egitera. Hurrengo hitzorduak urtarrilan izango dira, eta gaztelekuak proposatutako ekimenak izango dira. BirZiklo berziklatze tailerra urtarrilaren 2an goizez, opari tailerra urtarrilaren 4an arratsaldez. Eta Oraindik guztiz zehaztu ez duten kirol hitzordu bat ere antolatuko dute Prebentzio Komunitarioarekin elkarlanean. 3x3 saskibaloi txapelketa bat izango da urtarrilaren 3an arratsaldez.
Hortaz gain, Gazteria arlotik haurrei zuzendutako hainbat ekimen bultzatu ditu Gabonetako kultur programazioaren barruan. Santo Tomas egunean Arrantzale auzoan egurrezko jolasak prestatu dituzte 16:00etan. Abenduaren 24an Madalen plazan gabon kanta jaialdia izango dute 11:00etatik aurrera. Eta arratsaldez Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldia ere antolatu dute, 18:00etatik aurrera Portua auzotik Alde Zaharrera kalez kale ibiliko baitira.
Opor garai hauetan udalak beste zenbait hitzordu antolatu ditu haur eta familiekin pentsatzen. Abenduaren 26ean (11:30ean) eta 29an (18:00etan) Maite Frankorekin ipuin kontaria izango da Zuloaga Etxean, eta egun berean 18:00etan Gabonetako Familia Zinema izango da “Superklaus” filmaren proiekzioarekin Itsas Etxean. Hortaz gain, abenduaren 29an Jostaldi pilotalekuan haur parke erraldoia montatuko dute 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara, eta urtarrilaren 2an eta 3an jolas librerako espazio bat atonduko dute Itsas Etxeko auditorioaren atzealdean, 11:30etik 13:30era.