Urtats gaua edo kotilloia ospatzeko aukera izanen da Hondarribian bihar arratsean, Udalak hainbat herritarrekin elkarlanean antolatuko duen gaualdiaren kari. Lupe Queiruga gazteria hautetsiak azaldu duenez, azken urteotan gero eta aukera gutxiago ziren Hondarribian urtats gaua besta giroan pasatzeko, eta Irun, Donostia edo urrunagora joaten dira hondarribiarrak horren ondorioz.
Goizaldeko ordu batean hasi eta bostak arte luzatuko den bestaren bidez, urte berria ospatu nahi dutenei herrian bertan egiteko aukera eskaini nahi die Udalak hala. Ostatu gutxi batzuk irekiak izanen direla aurreikusten du hautetsiak, eta haiei ere Bentako jai giroa onuragarri izanen zaiela uste du.
Lupe Quierugak argi utzi du usadioa bazela Hondarribian urte berria ospatzeko, baina azken urteetan gero eta aukera gutxiago direla horretarako. Gainera, hainbat herritarren eskaerak ere jaso dituzte Udal webgunearen bidez urtats gauean eskaintzaren bat egon zedin, eta hori ikusirik lanean hasi dira azken hilabeteetan. Hautetsiak aitortu du 2023ko ekainean Udal Gobernura iritsi zirenetik izan dutela buruan zerbait egin beharra, baina herritarrek eman dietela beharrezko bultzada.
Hala, eta eskaera horiek nagusiki bi lagun talderengandik heldu zirela ikusirik, haiekin batera ibili dira azken hilabeteotan Urte Xaharreko jaia lantzen. Beharrezko baimenak lorturik, bihar arratserako aterpea ere prest dute jadanik Bentako aparkalekuan. Egitarauaz eta azpiegituraz Udala arduratu da; karpan izanen den barran berriz koadrila horiek izanen dira lanean.
Urte Xaharreko jaia goizeko 01:00etatik 05:00etara luzatuko da. Lehen bi orduetan DJ Anjelines ariko da oholtzan, bigarren zatian berriz DJ Viv.