Emakume migratua izatearen bizipen latzak bineta bilakatu ditu Iraitz Arabolaza Etxenagusia artistak

Koldo Nausia 2025ko urt. 8a, 12:49

“Hain Gertu Eta Hain Urrun. Migrantak” erakusketa aurkeztu du Iraitz Arabolaza Etxenagusia artista oiartzuarrak Hondarribiko Emeki elkartean. Parean elkarte feministak bultzatutako proiektu batetik eratorritako lana da, eskualdeko emakume migratuekin egindako tailerretan haien migrazio prozesuaren bizipenak eta beldurrak ezagutu eta binetetan irudikatu ditu.

Parean elkarteak bultzatutako proiektu batetik eratorria, Iraitz Arabolaza Etxenagusia artista oiartzuarraren “Hain Gertu Eta Hain Urrun. Migrantak” erakusketa aurkeztu berri dute Hondarribian. Emeki emakumeen elkarteak jasotzen du erakusketa urtarrila bukaera arte. Izan ere, emakumeak dira lan honen protagonista nagusiak. Irungo eta Hondarribiko emakume migratuekin batera egindako lana baita, haien bizipenak marrazki binetetan bildu ditu artista oiartzuarrak.

Iraitz Arabolazak aipatu digunez, prozesu luze baten emaitza izan da. «Duela bi urte proposatu zidan Parean elkarteak migratutako emakumeekin tailer batzuk egiten ari zirela, eta haien bizipenak ezagutu eta irudikatzeko proiektua», kontatu digu artistak, «bizipen horiek bineta bilakatu dira, eta koloretsuak eta moñoñoak dira lehen begirada batean, baina gero hurbiltzen zarenean, mezu oso gordinak eta gogorrak ematen ditu».

Iraitz Arabolaza Etxenagusia artistak dion moduan «irudiak politak dira, baina mezuak gordinak».

Aipatu digunez, parte hartu duten emakume gehienek erreparoa adierazi diote erakusketaren emaitzaz interesatzerakoan, «haien beldurrak eta bizipen gogorrak adierazten direlako». Bineta bakoitza desberdina bada ere, honen fondoaren kolorearen arabera, beldur edo sentimendu bati lotuta atalka antolatu dituela argitu du. Baina pairatu dituzten jarrera arrazista zehatzez gain, sistemak eta administrazioak eragiten dituen bereizketak dira gehien errepikatzen diren beldur eta kezkak. «Amaiezina den zirkulo batean ikusten dute haien burua, lana lortzeko paperak behar dituzte, baina paperak lortzeko lana behar dute eta burokraziak sufrimendu handia eragiten die», azpimarratu du Arabolazak erakusketaren aurkezpenean. 

Neokolonialismoaren zapalkuntzaren biktimak

Parean elkarteak urteak darama emakume migranteen errealitatea aztertzen. 2020ean "Emakume migratzaile(AK) artean" izeneko erakusketa antolatu zuen Irungo Palmera Montero gunean, 8 emakume irundarren migrazio istorioen erretratua eginez, hauek elkarrizketatuz, eta Gari Garaialderen argazkien eta Irunabar bertsoaren bilguneko kideen bertsoekin jantzi zituzten migrazio istorio horiek.

Migrazio prozesuak gogorrak izanik, emakume eta etorkin izateak ekarri dizkien zailtasunak aztertu nahi izan ditu Parean elkarteak oraingoan ere. Kontuan hartu behar baita, emakume migratuak heteropatriarkatuaren eta arrazismoaren zanpaketa neokolonialaren biktima direla. Biktima bikoitzak beraz. Ainara Lopez, Parean elkarteko kideak dioenez, oraingo honetan ere ideia horretan sakondu nahi izan dute. «Intersekzionalitate horren begirada beti ineteresgarria dela iruditu zaigu, eta beharrezkoa dela gure bizilagunak diren heinean ohartzea zer nolako sufrimendua pairatu duten, askotan ez garelako kontziente, ez ditugulako espazioak konpartitzen», argitu du Parean elkarteko kideak.  

Aipatu bezala, urtarrila osoan zehar “Hain Gertu Eta Hain Urrun. Migrantak” erakusketa Hondarribiko Emeki elkartearen egoitzan topatuko duzute. Baina Iraitz Arabolaza artistaren bi urteko prozesu baten emaitza dela aipatu badugu ere, prozesua ez da oraindik amaitu. Erakusketa bisitarien barne-hausnarketarako gonbidapen bat den heinean, herritarren iritziak biltzeko oihal bat ezarri dute bertan eta mezua idatzteko komiki bineta baten bokadiloa, horrekin argazkia egiteko.

Bisitariei haien iritziak adierazi eta Instagramen partekatzeko gonbidapena luzatu diete, photocall honetan. 

Horrela, norbere iritzia eman eta sare sozialetan partekatu dezan. «Aitortzen hasi beharra dugu denok garela arrazistak hein batean edo bestean, eta erakusketa bertakoei zuzenduta dagoenez, horri buruz gogoeta egin eta beste maila batean arrazistak diren horiei mezua helarazteko helburua ere badu», azaldu du Ainara Lopezek. Iraitz Arabolazak ere «photocall modura pentsatuta» dagoen oihal horretan mezuak helarazteko aukera interesgarria dela deritzo «erakusketa bizirik dagoelako». 

Hortaz, bisita egin eta zuen iritziak partekatu edota proiektua eta Iraitz Arabolaza Etxenagusia artistaren lana jarraitzeko, Instagramen @iraitzpaintings kontua bilatu.