"Amak" antzezlana estreinatuko dute gaur Hondarribian

Ekhiñe Zapiain 2025ko urt. 10a, 10:21

Txalo Produkzioakek aurkezten duen komedia gaur taularatuko dute Itsas Etxea Auditoriumean ilunabarreko 20:00etan. Elena Díaz da lanaren egilea, Begoña Bilbao zuzendaria, eta Intza Alkain, Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles eta Oihana Maritorena arituko dira aktore lanetan. Amatasunaren alde on eta txarrak umorez landuko dituzte eskola bateko itxaron gelan atera ezinik geldituko diren lau emakumeren azaletatik.

“Istorio desesperagarri bat” ikusiko dugula dio sinopsiak eta hori “irribarre bat ateraz” eginen dutela kontatu digu Intza Alkain aktoreak. Eskola batean trabatuta gelditzen diren lau emakumek amatasunaren bueltako elkarrizketa bat sortuko dute antzezlan honetan, kezkez, arazoz, talkaz eta laguntzaz josia. Umorea du oinarri lanak eta kointziliazioa, arazo ekonomikoak zein amatasuna gurutzatzen duten bertze hainbat kontu potolo irriño bat ateraz lantzea da asmoa.

Aktore batek, interpretatzen duen pertsonaiaren maskara janzten du oholtzara igotzen den aldiro, eta pertsonaiaren arabera zailagoa edo errezagoa izan daiteke ariketa hori egitea. Alkainek horixe bera egin du kasu honetan, amatasunak gurutzatzen duen pertsonaia baten maskara jarri, eta horretan berarentzat funtsezkoa izan da kanpora begiratzea eta ikerketa lanak egitea: «Haurdun dagoen emakume baten pertsonaia egiten dut eta oso urrun nago horretatik. Ingurura begira jarri behar izan naiz». Nahiz eta kanpora begiratzea beti izaten den barnera begiratzea baino errazagoa, antzerkiaren munduan biak dira baliagarriak pertsonaia eraikitzeko.

Izen ugari irakur ditzakegu Amaken afitxan: Elena Díazena da egiletza eta Begoña Bilbaorena zuzendaritza, eta Intza Alkain bera, Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles eta Oihana Maritorena arituko dira Txalo Produkzioaken antzezlanean aktore gisa. Eskuz-esku osatu dute lana: «Elenak idatzitako testua jaso eta moldaketa batzuekin esentzian obra bera mantendu dugu. Montatzeari eta talde lanari ekin genion guk», aitortu digu Alkainek. 

Egindako lanaren ostean irrikaz daude estreinaldirako, eta komedia lan bat izanik, gogo berezia dute ikusteko ea entzuleak non topatzen duen umorea eta non ez, «non sartzen diren barreak eta non ez». Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean izanen da hitzordua gaur bertan, ilunabarreko 20:00etan. Arma Plazan salgai daude sarrerak, eta emanaldia baino bi ordu lehenago jarriko dituzte txarteldegian.

Gaur antzerkia ogibide, baina bihar… auskalo!

Sei urterekin oholtzara igotzen hasi eta nekez jaitsiko da bertatik Alkain. Era profesional batean ez irudikatu arren, antzerkiak plazera sortu izan dio beti, eta argi izan du hor mantendu nahi zuela. Ustekabean afizioa ofizio bilakatu zaio, baina sektorearen ezegonkortasuna da kezka gehien eragiten diona egun: «Aktoreok beti diogu gaur, oraintxe, antzerkitik bizi garela, baina bihar… auskalo».

Aldi berean, horrek berak bultzatzen ditu aktoreak maiz proiektu anitzetan murgiltzera, lana eromena bihurtzeraino. Hala ere, Alkainentzat antzerkia beti izanen da «erabat beteta sentiarazten duen» hori. 2025Ean behintzat, ziurtatua du lanbide hori izanen duela eta azaldu digu ere izanen dugula Amak lana han eta hemen ikusteko aukera.