Petti rockeroena Hondarribiko Itsas Etxean ariko da larunbatean

Antxeta Irratia 2025ko urt. 10a, 11:18

Aurten 25 urte betetzen ditu taulagainean, eta bere 13 diskoko ibilbideko kantu elektrikoenak biltzen dituen zuzeneko disko bat grabatzen ari da XX eta Bortz izenekoa. Grabaketako kontzertuetan (Hondarribikoa barne) ohiko Etxeko Uzta bandaren laguntzarekin ari da. Kontzertua urtarrilaren 11n 22:00etan izango da Itsas Etxean 8 euroren truke.  

Petti musikari eta abeslariaren kontzertua jasoko dute Hondarribian larunbata honetan. Bere 25 urteko ibilbidean egindako kantu rockero eta elektrikoenak biltzen dituen zuzeneko disko bat (XX ta Bortz) grabatzen ari da, eta Hondarribian emango du grabaketarako kontzertuetako bat. Honetarako ohiko Etxeko Uzta bandaren laguntzarekin ari da, Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria). Eta Ruben Caballero gitarrista gehitu zaie oraingoan. Haiekin guztiekin emango du kontzertua Itsas Etxean Pettik, larunbata honetan 22:00etan.

Aurten, 25 urtebete dira Pettik bere lehen diskoa argitaratu zuela, Amets bat izenekoa. Ibilbide emankor baten hazia izan zen hura, eta 13 disko plazaratu ondotik, orain bere alderdirik rockeroena jasoko duen diskoa grabatzen ari da zuzeneko emanaldietan. 2022az geroztik Ana Galarragak idatziriko Frankestein Agurgarria disko-liburuaren emanaldiekin batera, PETTI Bakarka kontzertu itzuli luzea amaitutzat eman du musikari beratarrak. Eta disko berriaren proiektuaren grabaketa kontzertuen ibilbidean, Ataunen urriaren 4an hasi ondotik, joan den abenduaren 13an Donostian, Beran abenduaren 27an eta urtarrilaren 9an Bilboko Kafe Antzokian izan ondoan, Hondarribian jarraituko du oraingo honetan. Ondoren, Gernikako Iparragirre aretoan jarraituko du grabazioa martxoaren 22an emango duen zuzenekoan.  

Sarrerak 8 eurotan dituzue gaur Arma Plazan eskura. Eta bihar bi ordu lehenago Itsas Etxean. Bestela ere, hondarribia.eus atarian agendan hitzorduan sakatuta eros daitezke sarrerak internet bidez.