auzosare proiektua

Josu Peña: «Bakardadea sufritzen duten adinekoak zaintzeko komunitatea aktibatu nahi dugu Hondarribian»

Koldo Nausia 2025ko urt. 10a, 13:02

Udalak Auzosare proiektua martxan jarri du. Bakardadearen ondorioz isolamendua pairatu dezaketen 60 urtez gorako herritarrak lagundu eta haien beharrak erdigunean jarriko dituen Auzozain Sarea osatu nahi dute. Profesionalen akonpainamendu eta prebentzio lanaz gain, herritar bolondresen zaintza komunitarioa giltzarri izango da, Oiartzunen edo Errenterian emaitza onak eman dituen egitasmo honetan.

Joan den abenduan onartu zuen Gobernu Batzordeak, udaleko talde politiko guztien babesarekin, urtea hastearekin batera 3 hezitzailerekin Auzosare proiektua martxan jartzea Hondarribian. Bakardadeaz asko hitz egiten da gaur egun, eta errealitate sozial hau bizi dezaketen 60 urtez gorako hondarribiarrak babesteko helburua du proiektuak. Udaleko Gizarte Kohesiorako zinegotzi Josu Peñak egitasmo hau garatzeko gogotsu dagoela esan digu. Iaz bakardadea prebenitzeko diru partidak ere onartu egin zituzten herrian, baina aitortu digunez, arazoak duen dimentsio sozialak kezka sortzen die. «Hausnarketa bat egin beharra zegoela pentsatu genuen, eta Auzosare programa ezagutu genuen momentuan jarri ginen martxan», dio. 

Izan ere, udalak aldundiarekin elkarlanean etxez etxeko laguntza zerbitzua bezalako dispositiboak eskaintzen ditu dependentzia maila desberdinak dituzten adineko pertsonentzat. Baina gaur egun hirugarren eta laugarren adinak errealitate bilakatu diren honetan, bestelako behar sozial batzuk asetu gabe dituzten adinekoak daudela identifikatu dute. «Kontziente gara bakardadea ez dela bakarrik adineko pertsonetan ematen gizarte geroz eta indibidualistago honetan», dio Gizarte Kohesiorako ordezkariak, «baina Hondarribian herritarren %25ak 65 urte baino gehiago ditu, eta adin batetik aurrera bakardadeak isolamendua dakarren heinean, osasuna okertzeko arrazoi nagusietako bat da». Era berean, Peñak argi du «bakarrik bizitzeak ez duela esan nahi bakardadea pairatzen duzunik, akonpainatua bizitzeak kontrakoa segurtatzen ez duen bezala». Gipuzkoan batez bestean etxebizitzen laurden batean pertsona bakarra bizi bada ere, pertsonen harremanak eta haien sare sozial aktiboa edo komunitateak eusten duelako gizartea. 

Hala ere, azken urteetan Hondarribira bizitzera datorren jendea, herritik joaten direnak baino zaharragoak direla ohartu dira udal agintariak. «Jende asko herrira etortzen dena bizitzera, bere heldutasuna Hondarribian eman nahi duelako dator», argitzen du, eta beraz, gizartea  batez bestean nabarmen zahartzen ari da, askotan herrian ondo erroturik ez dagoen jendea izanik ere.  

Honek suposatzen duenarekin arduratuta galdera bati erantzun nahi izan diote beste edozer baino lehen: «nolako zerbitzu eta babes neurriak garatu behar ditugun zehazteko, ez dakigu zenbat pertsona dauden bakardadean bizi direnak herrian, edo isolamendu arriskuan daudenak», ohartarazi du Josu Peñak. Proiektu honen lehen fasean, hain justu, hori argituko dute, isolamendu arriskua zenbaterainokoa den herrian. 

Gizartearen aktibazio komunitarioa: Auzozain Sarea

Gizarte Kohesiorako zinegotziak kontatu digunez, Auzosare proiektua udalak bultzatu duen Auzo Bihotzak egitasmoarekin bat egiten du nolabait. Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri Fundazioarekin hitz egin ondoren, Zabalduz kooperatibak duen Auzosare proiektuak herrian eragin handia izan dezakeela ikusita jarri dute proiektua martxan. Orotara 340.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, nahiz eta Adinberriko Hariak programaren bitartez aldundiari laguntza ekonomikoa eskatuko dioten. 

Lehen fasean diagnostiko bat egingo duten hiru gizarte hezitzaile ariko dira lanean bi urtez, eta informazio sistema informatiko (APP) bat ezarriko dute 60 urtez gorako herritarren mapa osatzeko, eta horri esker, bakardade egoera konplikatuen detekzio goiztiarra eta jarraipena egiteko. Haatik, zinegotziak argitu duenez, bigarren fasea da garrantzitsuena. Sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte «begirada soziala aldatzeko». Eta horri esker Auzozainen sare bat osatu nahi dute. «Helburua da teknikariek proiektua martxan jartzea, eta ondoren herritarrek osatutako bolondres zaintza sareak bakardadean edo isolatuak egon daitezkeen adineko herritar horien kontrol bat eramatea, Gizarte Zerbitzuekin APP bidez harremanetan, horregatik auzoaren ideia garrantzitsua da», argitu du.

Adibideak ere eman ditu: «denok erosten dugu ogia, eta identifikatuta dagoen adineko herritar hori egunero okindegira joaten denean, okinak ezagutzen du, erraz egin dezake lan hori, ikusten badu hiru egunez ogia erostera joan ez dela, agian zerbait gertatu zaio». Azken batean garai batean eman ohi zen elkar zaintzeko komunitate aktibo bat garatu nahi dute herri mailan. «Covid 19 pandemian ikusi genuen gai garela bizilaguna zaintzeko, botikak ekartzen edo erosketetan laguntzeko, eta aldamenekoaz minimo bat arduratu edo pendiente egoteko», azpimarratzen du. 

Hau guztia, profesionalen (medikua, farmaziako botikaria, udaltzaina...) jarraipenarekin, eta pertsona hauek sozializatzeko udalak antolatuko dituen kultur jarduera eta aisialdiko espazioak dinamizatzearekin batera osatuko dute. Auzosare proiektuak hau bilatzen du, eta lortuz gero, «bakardade egoeran dauden pertsona horien bizi kalitatea hobetzeko gai» izango direlakoan dago Gizarte Kohesiorako zinegotzia. Herritarren beharrak erdigunean jartzen, dagoeneko emaitza onak eman ditu aplikatzen ari diren herrietan. Oiartzunen, Oreretan edo Hernanin, adibidez.