Maiatzaren 15etik 25era ospatuko den Euskaraldiarekin, Hondarribian 2024an Euskara Mahaia martxan jartzearekin herrian egin duten euskararen erabilera bultzatzeko dinamika indartu nahi du udalak. Euskararen erabilera aktibatzeko ariketa soziala den heinean, antolakuntzatik aurten erabaki dituzten berrikuntzak ekimena eraginkorragoa egingo duelakoan daude Hondarribiko sustatzaileek ere. Udalak kontratatu duen dinamizatzaileak, Igor Arrietak argitu duenez, batetik «azaroan egin beharrean, udaberrian argi ordu gehiago eta eguraldiak lagunduta jendeak bizitza soziala gehiago duenez, harreman sozial horiek euskaraz eginez ekimenaren eragina areagotuko da». Horretarako udaletik baliabideak jarriko dituzte 11 egun horietan Euskaraldia dela ikustarazteko herrian.
Bestalde, orain arteko Ahobizi eta Belarriprest figuretan oinarritzeaz gain, aurreko edizioan barneratu zituzten Ariguneak indartzeko Topagunearen laguntza ere proposatzen dute laugarren edizio honetan. Entitateentzat izena emateko epea zabalik dago (norbanakoei dagokienez, Ahobizi eta Belarriprest izateko martxoan zabalduko da epea), eta haien kabuz bat egin nahi izateaz gain, euskararen erabileran «lanketa sakonagoa» egin nahi duten horientzat komunikazioa euskaraz garatu eta euskararen presentzia indartzeko planak proposatuko zaie.
Baina ariketa soziala den heinean, orain artean 16 urtez gorakoei zuzendutako ekimena zena guztientzat bilakatuko da gainera. Haur eta gaztetxoak ere kontutan hartuko dituzte orain. «Haurrek ez dute txaparik eramango soinean, baina komunitate handia osatzen dute, eta aurtengo Euskaraldian “Xaxatzaile” izateko proposatuko diegu», iragarri du Arrietak. Argitu dutenez, ikastetxeetan trebatu egingo dira hizkuntza ohiturei buruz, eta gero, «haien inguruan gertatzen den guztian erreperatu eta helduak arretaz entzuteaz gainera, euskaraz egitera xaxatuko dituzte».
Aurreko hiru edizioetan, parte hartzea txikia izan da Hondarribian. Aurreneko urtean (2018an) 1.812 izan ziren bitartean, 1.591 besterik ez ziren animatu 2020ean pandemiak baldintzatutako edizioan. 2022koan, aldiz, 1.736 lagunek parte hartu zuten (1.538 Ahobizi eta 298 Belarriprest). Edizio denetan beti, Ahobizi gehiago izan dira Belarriprestak baino, eta emakumezko gehiago (%67a) gizonezkoak baino. Hortaz, azken edizioaren parte hartzea hobetzeko helburua dute oraingoan.
Erabilera kontziente baten beharra
Hondarribian serioski hartu dute Euskaraldiaren aurtengo erronka. Arrietak azpimarratu duenez, «11 eguneko praktika sozial masibo bat eraman nahi da aurrera, hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek eta entitateek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea». Hori behar bezala bideratzeko otsailaren 4an (18:30ean) Euskaraldiaren herri batzarra eratzeko bilera deitu dute udaletxeko Areto Nagusian. Aner Moron Euskara Saileko buru berriaren ustez, «batzarra mugarria izango da, udalak dinamika bat bultza dezakeelako eta ilusioa piztu, baina herritarrek eta eragileen esku dago eraginkorra izatea».
Zentzu honetan, «Hondarribia herri euskalduna izaten jarrai dezan nahi badugu» deialdi ahalik eta zabal eta parte hartzaileena lortu nahi dute, norbanako, elkarte, erakunde eta eragile desberdinak saretuz. Izan ere, Hondarribiak euskararen erabilera aktibatzeko beharra duelakoan dago Garoa Lekuona Euskara Saileko zinegotzia. «Euskara erabilera datuak nahiko kaxkarrak» direla gogoratu du Garoa Lekuonak. Klusterrak 2021ean egindako azken kale-entzuketaren datuek diotenez, herrian 10 elkarrizketetatik 2 ere ez dira euskaraz egiten, nahiz eta 10etik 7 euskaraz hitz egiteko gai izan. Bereziki mingarria da udal agintarien ustetan, gazteen artean erabilera oraindik apalagoa dela ikustea, eta beraz, «ohitura horiek aldatzea berebizikoa da herri honek euskaldun izaten jarraituko badu».
Hortaz, «erdara nagusi duen herri euskalduna» bilakatu dela aitortuta, «euskara hizkuntza gutxitua den heinean, aktibatu, zaindu, indartu eta erabilera kontziente baten beharretan gaude» aldarrikatu du. Udalak baliabideak jarriko dituela iragarri du, baina Euskaraldiak herri mugimenduaren sustengua ezinbestekoa duela oroitarazi du, eta «Hondarribiarra izatea, euskaldun eta euskaraduna izatea dela ulertzen badugu, aktibazioa eta erabilera kontziente baten beharra» duela dio EH Bilduko hautetsiak.
Nolanahi ere, aurtengo Euskaraldia udalak herritarrekin eta eragileekin abian jarri duen Euskara Plan Estrategiko berria indartzeko tresna bat gehiago dela oroitarazi du Euskara zinegotziak. Lekuonak argitu duenez, Euskaraldia Euskara Sailaren jardunean integratuko duten egitasmoa da orain, baina «2024an martxan jarritako euskara mahaiarekin erabat lotuta dago, eta behin Euskaraldia pasata, euskararen erabilera aktibatzeko konpromisoarekin lanean jarraituko dugu».
Argi dago gure herriak hizkuntzaren erabilera kontziente baten beharra duela gure herriaren euskal nortasunari eutsiko badiogu. Hondarribiarra izatea euskalduna eta euskaraduna izatea dela ulertzen badugu. Udaletik, herriaren nahia hori dela sentituta, eta azken urteetan euskararen erabilera apala dela-eta herritar eta eragile askoren ahotatik jasotako kezkari erantzunez, Euskaraldia baliatu nahi dugu herriko hizkuntza ohituretan eragiteko, bai Euskaraldiaren datetan, eta baita Euskaralditik haratago.