2023ko marka hobetu ezinik itxi zuen Hondarribiko aireportuak 2024a

Antxeta Irratia 2025ko urt. 14a, 10:53

Bere historiako urterik onenetakoa osatu du aireportuak. Baina uztailan eta abuztuan inoizko hegaldi eskaintzarik zabalena martxan izan badu ere, 2023ko udan baino ia 5.000 bidaiari gutxiago jaso zituena aireportuak. Hala, ekaina arte hobekuntza akumulatua %4,9koa bazen ere, urtearen bigarren parte kaxkarrago baten ondorioz, iaz baino %1,8 bidaiari gutxiagorekin itxi zuen Hondarribiko aerodromoak 2024 urtea. 

Hondarribiko aireportuak 2023an baino %1,8 bidaiari gutxiagorekin itxi du 2024 urtea. Guztira 474.140 bidaiari izan dira. Gogoratu beharra dago 2024an hilabetez hilabete marka guztiak apurtu zituela aireportuak ekaina arte, ordurarte %4,9ko hobekuntza akumulatua zeraman. Baina uda ez da aurreikusi bezain ona izan. Uztailaren 30a arte Eskoziako Edinburgora zerbitzu berria martxan izan bada ere, 2023ko uztailarekin alderatuta %5,1 egin zuen behera aireportuaren erabiltzaile kopuru orokorrak, 49.533 bidaiarirekin. Eta abuztuan aurreko urtean baino 3.000 bidaiari gutxiago jaso ondoren, %12 gutxiago, udazkena eta urte amaiera ere kaxkarragoa egin du.

Ezin ahantzi daiteke, udaldi honetan inoizko eskaintzarik zabalena izan duela Hondarribiko aireportuak. Iberia, Volotea, Vueling, Binter eta British Airways-CityFlyer aritu dira bertan lanean, Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanariar Uharteak, Balear Uharteetako Mallorcako Palma eta Menorca, Londres eta, maiatzaren erditsutik uztailaren 30era arte, Eskoziako Edinburgo hiriburuarekin ere lotuta egon dela.