"Terrazak, Topaguneak" lelopean, terrazei buruzko ordenantza bat lantzen ari da Hondarribiko Udala. Terrazak aire zabalean elkartzeko eta elkarrekin bizitzeko lekuak izan daitezen «ahalik eta adostasun handiena eta parte hartzailea» izan dadin ahalegintzen ari direla azpimarratu du Igor Enparan alkateak. Proiektu hau Agintaldi Planean aurreikusia zutela gogoratu du, aspaldi heldu beharreko gaia zelako. Izan ere, udalak hainbatetan jaso du kaleen erabilerari buruz oreka berrezartzeko beharraren eskaera, hala ostalaritzaren sektoretik nola herritarren partetik ere. Udal agintariek erregistro ofizialean jasotako eskabide eta kexetan ez ezik, Mugikortasun Mahaian 2024-2027 aldirako proiektuak lehenesteko tailerrean, edota Auzo Bihotzak tailerretan ere jaso du horren berri.
Diotenez, Portuan 2023an Mugikortasun Mahaiaren baitan egin zen ibilaldiaren ondoren, terrazei buruzko ordenantza idaztea izan zen mahaiak lehenetsi zituen hiru proiektuetako bat. Era berean, bizilagunek terrazek espaloiak hartzen dituztela eta San Pedro kaleak herri nortasuna galdu duela azpimarratu izan dute Auzo Bihotzak tailerretan, ondorioz, terrazak arautzeko eskatuz.
Arautu gabeko terrazen bilakaera
Hondarribian betidanik egon dira terrazak baina pandemiaz geroztik, Euskal Herri luze eta zabalean bezala, Hondarribian ere areagotu egin den fenomeno bat da. Hartara, gizartearen ohiturak etengabe aldatzen direla jakitun, eta ostatu eta jatetxeen terrazek espazio publikoan azken urteetan izan duten bilakaera kontuan hartuta, jarduera hau erregulatzeko beharra ikusten du udalak. Estitxu Urtizberea Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko zinegotziak aitortu duenez, «ostalaritza herriko jarduera ekonomiko esanguratsuena da, eta beraz, haien iraunkortasuna zaindu behar da». Baina hori baino gehiago dira bere ustez, «gure kaleei bizia ematen dieten elkarguneak eta sozializazio-guneak dira».
Alde Zaharreko Hirigune Historikoan aplikatzen den terrazak jartzeko 2005eko ordenantza bat dago Hondarribian. Baina hau zaharkitua geratu da, eta herriaren gainerako errealitateari erantzuten ez dion heinean, ordenantza berri bat beharrezkoa dela dio esperientziak. Izan ere, urteetan erregulaziorik izan ez denez, espazio publikoa gaizki erabili da, eta jarduera ekonomikoaren eta auzotarren eskubideen arteko bizikidetza arazoak sortu direla ohartarazi du Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko zinegotziak. «Arautu gabeko egoera baten aurrean gaude, baina egoera horretara ez zen iritsi behar. Ekintza indibidualak baimendu dira, sektorearen beraren eta herritarren arteko interesen talkak sortuz», azaldu du Urtizbereak.
Argitu duenez, kasu batzuetan premia duten pertsonen pasabidea oztopatu egiten da, eta besteak beste, galtzadara jaitsi behar izaten dute terrazek pasabidea okupatzen dutelako. Beraz, espazioaren erabileran eta banaketan oreka berrezarri behar dela deritzo. Gainera, arauketa falta horrek Udalaren funtzionamenduari eragiten dio, sailen lana bera zailduz. Izan ere, terrazen tasak kobratzeko Ogasun departamendua, baimenak kudeatzeko Hirigintza arloa edota salaketak bideratzeko Udaltzaingoa inpikatuak daude. Eta hauek ere, herritarrek eta ostalariek bezala, babes juridiko bat beharrezkoa dute.
Hortaz, hainbat hilabetez landu duten ordenantza proiektu berria haibat sailen koordinazioa eskatzen duela esan du alkateordeak. «Horrelako instalazioak behar bezala antolatzeko, interes publikoaren oinarritik erantzuna eman nahi dugu, bizikidetza bultzatuz eta herritar guztiek espazio publikoak zuzen erabiliko dituztela bermatuz», azpimarratu du Urtizbereak. Horretarako, araudi berriak udal ordenantza forma hartuko du, eta espazio publikoaren erabilera, irisgarritasuna, zarata eta zirkulazio neurri egokiak bermatzeko nahitaez aplikatu eta bete beharko da udalerri osoan.
Herritarren iritziak biltzeko ordua
Ordenantzak piztu ditzakeen interes talkak kontuan hartuta, udalak "zero fase" bat planteatu zuen abiatzeko. Urtizbereak azaldu duenez, ostalaritza kolektiboarekin, desgaitasun eta mugikortasun arazoak dituzten kolektiboekin eta auzotarrekin bilerak egin dituzte haien iritziak jasotzeko. «Inolako dokumenturik gabe egin genuen, edozer idatzi baino lehen ikuspuntu desberdinak aintzat hartzeko», dio. Eta egindako lanaren ondotik, urtarrilaren 20an hasiko da ordenantza idazteko prozesu administratibo ofiziala, aldez aurreko kontsulta publikoaren epearekin batera.
Esan bezala, ordenantza ahalik eta adostasun handienekoa izan dadin nahi du udal gobernuak. «Uste dugu berebiziko garrantzia duela eragin zuzenena duten kolektiboen eta herritarren parte hartzea indartzeak», esan du Estitxu Urtizbereak. Hortaz, Udalak ekimenean modu batera edo bestera parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.
Bi modutan egin daiteke, Jabier Ugarte kaleko BAZ bulegoan aurrez aurre, ala erregistro elektronikoaren bidez. Herritarrek ordenantzarekin konpondu nahi diren arazoak, arautegi berriaren beharra eta helburuak, edota egon daitezkeen ordezko irtenbide erregulatzaileei buruz eman dezakete haien iritzia, urtarrilaren 20an hasi eta 15 eguneko epean.
Informazio gehigarria: https://www.hondarribia.eus/eu/terrazaktopaguneak