Epe luzeko bi trafiko mozketa emango dira Hondarribian astelehenetik aurrera

Antxeta Irratia 2025ko urt. 17a, 10:49

Datorren astelehenetik aurrera Jaizkibel hiribidean, eta Higerreko farolaren bidean (GI-3361) ere, trafikoa moztuko dute laupabost astez egin beharreko obra desberdinak direla eta. Txingudiko Zerbitzuak egiten ari den ur-horniduren berritze lanak direla medio, Saindua eta Tximista kalera iritsi arte hilabetez itxiko dute. Eta iazko martxoan GI-3361 Higer farolarako bidean emandako luiziaren eremuan sendotze lanengatik bost astez itxiko dute bi norantzetan.

 

Heldu den astelehenean, urtarrilaren 20ean, epe luzeko bi trafiko mozketa emango dira Hondarribian. Batetik, datorren astelehenean hasi eta hilabete batez itxiko dute Hondarribiko Jaizkibel hiribidea, Saindua eta Tximista kalera iritsi arte. Txingudiko Zerbitzuak bertan egiten ari den ur-horniduren berritze lanak da, eta iragarri dutenez, bi erreiak itxiko dituzte aurreko faseetan bezala. Auzotarrei eta oinezkoei pasabidea utziko zaie. Auzotarrentzako utziko den erreiaren zentzua goitik-beherakoa izango dela argitu dute, eta beraientzako soilik mugatuko da.

Jaizkibel hiribidean lau astez itxiko dute trafikoa Saindua eta Tximista kaleen artean. 

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Gi-3361 errepidea, Higerreko farolara doana, bost astez itxiko dutela ezponda batean egin beharreko larrialdiko egonkortze lanengatik. Zehazki, errepide horren 2,9 eta 2,95 kilometroen artean dagoen ezpondan egingo dituzte lanak, eta hori egiteko tamaina handiko garabi bat behar denez, errepidearen bi bideak moztuko dituzte urtarrilaren 20ean goizeko 9:00etan. Bost aste iraungo dute lan hauek. Hori dela eta, azken bi luizietan egin behar izan dituzten obretan bezala, Higer itsasargi inguruetara heltzeko Ramon Iribarren kalearen amaieran Kai Berriaren aldamenean dagoen Pierre Lhande kaletik egin beharko da, eta semaforo bidez txandakatuko dute bi noranzkoetako zirkulazioa.  

Gogoan hartu behar da, joan den martxoaren 3an Hondarribiko GI-3361 errepide horretan emandako luizi baten ondorioz, joan den uztaila arte luzatutako ezponda egonkortzeko lanen ondorioz ere, trafikoa luzaz itxita egon zela iaz. Uztailaren 9an ireki zuten zirkulazioarentzat, baina oraingoak ezpondaren 50 metro luzeko eremu batean egin beharreko sendotze lanak burutuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Aipatutako ezbehar hartan, orotara 3.300 metro kubo lur mugitu zituen luiziak, eta materiala kentzeko lanak egin ondoren, 1.300 metro karratuko sare bat jarri zuten mugitu zen mendiaren labarrean, 12 metro luzeko burdinezko haga batzuekin, dena segurtatze aldera.