Gonzalo Carrion (EAJ)

«Guk utzitako proiektuak aprobetxatzen ari dira, baina etorkizunerako ez dugu ikusten deus berririk egiten ari direnik, eta arazoak betiko berberak dira»

Koldo Nausia 2025ko urt. 17a, 13:28

Hondarribiko EAJ kritiko azaldu da Abotsanitz eta EH Bilduren udal gobernuaren bilakaerarekin. «Agintaldia aurrera doa, eta arazoak konpontzeko giltza omen zuten, baina nik ez dut giltza hori non dagoen ikusten», dio Carrionek. Estrategikoak diren hainbat proiektuetan ez dela aurreratu salatu du bozeramale jeltzaleak, bereziki HAPOaren tramitazioan eta etxebizitzaren arazoan. «Nahi badute, gu prest gaude lan egiteko, baina ez dute gurekin kontatu» salatu du.

2025eko udal aurrekontuak jartzen ditu oposizioko udal talde nagusiak, gobernuaren desmartxaren lehen adibide gisa. «Istorio bakarra dago, baina norberak kontatzen du nahi duen moduan», dio Gonzalo Carrionek. Gobernu taldeak hilabete atzeratu zuen udal osoko bilkura oposizioko proposamenak jaso ahal izateko, haien ekarpenak epez kanpo aurkeztu izana leporatu ondotik. Baina Carrionek argudiatzen duenez, azaroaren 8an jaso zuten gobernu taldearen aurrekontu proposamena, eta azaroaren 11n alkatearekin bilera hitzartua zutelarik, azaroren 14an negoziatzeko 100 bat orrialdeko aurrekontu proiektu txostena aztertzeko ez zuten denbora askirik izan.

Nolanahi ere, hilabete beranduago EAJk aurkeztutako emendakin bat ere ez zutela kontutan hartu salatzen du. «Esan dute hau eta bestea onartu digutela, baina hori gezurra da. Ez dute aleik ere onartu, eta ez dakit Euskal Herrian beste herririk egongo ote den oposizioari proposamenik onartu ez diotenik», dio. Gogoan hartu, 34.262.533’79 milioi euroko aurrekontua onartu zuela udal gobernuak, iazkoa baino %18 handiagoa, eta jakinarazi zutenez EAJren 1.732.850€ eta PSE-EEren 3.601.250€ aportazioak aintzat hartu zituzten.

HAPOaren tramitazioaren esperoan

Dena dela, aurrera begira etxeko lanak jarri dizkio EAJk udal gobernuari. «Agintaldia aurrera doa, eta arazoak konpontzeko giltza omen zuten, baina nik ez dut giltza hori non dagoen ikusten», dio Carrionek, «HAPOa tramitatu gabe, etxebizitza arazoa berdin, kiroldegia okerrago eta kirol instalazio askotan inbertsioak egin behar dira, besteak beste». EAJren aburuz «herriarentzat oso garrantzitsua» den Zubietako Parke Teknologikoaren proiektua edo Mendelu auzoan zer gertatuko ote den ere HAPOaren esperoan dago. 

Baina etorkizuneko herria marraztuko duen HAPOaren (Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra) tramitazioan aurrera egitea presazkoa bada «herritarrek duten kezka nagusiari erantzuteko ezinbestekotzat» jotzen du jeltzaleak. Etxebizitzarena. 

2017ko epaitegiek HAPOa atzera bota ondoren, 2021ean lantzen hasi zirela oroitarazi du Carrionek, eta 2023ko maiatzan onartutako hasierako onarpenaren ondoren, behin behineko onarpenaren zain daudela azpimarratu du. «Behin deitu ziguten esateko beraien bisturia nola nahi zuten pasa HAPOan, baina 20 hilabete pasa dira eta zain gaude. Irailan alegazioak erantzungo zirela esan zuten, eta urte bukaeran aprobazioa egingo zela, baina ez dakigu ezer oraindik. Zain gaude», kexu da. Baita etxebizitza publikoen eskatzaileak ere.

Euskal Herriko herri guzietan zerrendak luzeak direla dio jeltzaleak, baina «Hondarribian babes ofizialeko etxeak nahi baditugu HAPOa behar da, gure tresna hori da». Era berean, udalak altxortegian duen 60 milioi euroko diru poltsa horretara bideratzeko aukera dagoela pentsatzen du. «Diru hori etxebizitzak eta herriarentzako onak diren proiektuak egiteko ahalko genuke erabili», dio jeltzaleen bozeramaleak. Etxebizitza alokairu sozialerako, baina tasatuak ere defendatzen ditu. HAPOak etxebizitza publikoen %33 tasatuak aurreikusten zituela dio, «zorionez edo zoritxarrez errenta altuak dituelako jendeak Hondarribian».

Horregatik ere, Irunek Eusko Jaurlaritzari eskatu dion bezala, Hondarribiak gune tenkatua izendatzeko beharrik ez duela argi dauka. «Ez ditu baldintzak betetzen, nahiz eta alokairu garestiak izatea ez den notizi ona, baina demanda altua da, eta prezioak apaltzea nahi badugu eskaintza handitu behar da, etxe gehiago egin behar da» defendatzen du, aldi berean, errenta apalak dituzten herritarrentzeko alokairu soziala sustatzeari utzi gabe.

Eta horretan ere, hain justu, Alokabidek kudeatuko dituen Presako 76 alokairuzko etxebizitzak EAJk VISESArekin bultzatu zituela oroitarazi du.

Hiri eredu kontrajarriak

Kiroldegiaren egoerak ere kezkatzen ditu jeltzaleak. «Gai honekin nahiko zarata sortu zuten oposizioan ziren garaian kuotak Gipuzkoako garestienak zirelako, baina kurtsoak merkeenak ziren eta orain kurtsoak ere asko garestitu dira, batzuk %300 inguru», dio. Kudeaketa ereduari buruz, «Abotsanitzek udalak zuzenean kudeatu behar zuela defendatu du beti, baina bi urte pasa dira, eta jarraitzen dugu zerbitzu mota berberarekin, gabeziekin, jatetxe eta kafetegirik gabe eta kurtsoak garestiago» salatzen du, gogoratuz lehen defizitarioa zela eta orain ere, «baina gero eta kaxkarrago gaude eta udal gobernu honek ez digu proposamen zehatzik aurkeztu. Beraiek zeukaten konponbidearen giltza ez dakit non dagoen».

Hiri eredu desberdinen arteko talka horretan, eztabaida ekarri duen aparkaleku berriaren proiektuaz, EAJk argi du Jabier Ugarteko lorategietan 350 plazako lurrazpiko aparkalekuaren aukera udal gobernuak Zezen plaza azpian proposatzen duena baino egokiagoa dela. «Trafikoaren sartu-irteerak antolatzeko, baina merkeago edo obra egiteko bideragarriagoa delako ere, Jabier Ugarte azpian hondarra dago, eta Zezen plaza azpian arroka» argitu du.

Mugikortasuna jasangarriaren alorrean, jeltzaleek bultzatutako Kalez Kale proiektua ez garatzen jarraitzeak apenatzen duela aitortzen du. «Jende guztiari gustatu zitzaiolako 14 kaletan egindako hobekuntza, eta Higer bidea, Donosti kalea, Arkoll eta Pasaia kalea aurreikusiak zeuden», dio Carrionek. Pasaia kalekoa 2025 urteko aurreontuetan bideratu du udal gobernuak aurten, eta Arkollakoa ere egiteko asmoa dutelako konten agertu da jeltzalea.

Proiektuak, atzetik aurrera

Zentzu honetan, «pozten gera ikusteaz guk utzitako proiektuak aurrera dihoaztela, baina etorkizunerako ez dugu deus berririk ikusten, ez dute proiektu iraultzailerik edo berririk», leporatzen dio udal gobernuari. Are gehiago, udaberri honetan ia agintaldi erdira helduko garela, eta aurreko EAJren agintaldiko proiektuak besterik ez dituela ikusten garatzen ari direnik ere azpimarratu du 'Txalo' Carrionek. «Guk utzitako proiektuak aprobetxatzen ari dire eta horretarako daude, egiteko! Hor daude Arrantzale Auzoa, San Nikolas zubikoa, Santiago kalea orain bukatuko dute, Saindua kostata lanpernak baina aurrera dihoa, autobus proiektua ere aurrera dihoa, eta horrek pozten nau», argitu du.

Nolanahi ere, Gonzalo Carrion “Txalo” bozeramale jeltzaleak izan HAPOan, kiroldegian, aparkalekuan, mugikortasun edo etxebizitzaren arazoan laguntzeko prestutasuna adierazi du oposiziotik: «Gure atea beti irekita dago, eta nahi badute, gu prest gaude lan egiteko, baina ez badute gurekin kontatu nahi kritikoak izango gara».