Suhiltzaileek, basozainek eta foruzainek osatutako erreskate dispositibo batek 59 urteko gizonezko bat hilik atzeman du gaur goizean Saioa mendian. Mendizale hondarribiar bat zen, eta iturri ofizialek argitu dutenez, Hondarribitik abiatu zen atzo urtarrilaren 21ean goizean, Saioa mendira (1.418 metro) Belatetik igotzeko asmoz. Goizeko 11:00etan ekin zion ibilbideari, baina orduz geroztik ez zen haren berri gehiagorik izan. SOS Deiak zerbitzuak abisua jaso ondoren, 18:30ean aktibatu zuten erreskate dispositiboa.
Ilunabarraren argi eskaxarengatik zailtasunak izan zituzten atzoko bilaketa lanetan, baina lau taldetan banatuta mobilizatu ziren foruzainak, Nafarroako Ingurumen departamenduko basozainak eta Nafarroako Suhiltzaileen Parke Nagusiko efektiboak ere. Gauez bi taldek lanean jarraitu dute, eta 20:22ean Belateko benta inguruetan autoa topatu ondoren, 23:35ean bere sakeleko telefonoa aurkitu zuten.
Gaur goizeko 8:30ean erreskaterako baliabide guztiak aktibatu dira berriz bilaketa lanetan, eta atzo argi faltarengatik erabili ahal izan ez zuten helikopteroa ere batu da operatibora. Orotara, suhiltzaileen hiru parketako suhiltzaileak aritu dira bilaketa lanean, baita foruzaingoen eta basozainen brigada espezializatuak ere, harik eta gaur goizeko 10:00ak pasata, Saioako gailur inguruan gorpua atzeman duten arte. M.E. inizialdun 59 urteko gizona mendizale petoa zen, esperientziaduna. Haur ugariren aita eta dentista zen, Irunen.