Etxeetan dauden adineko hondarribitarrek ere Nagusikletaz gozatu ahalko dute

Koldo Nausia 2025ko urt. 22a, 13:30

Adineko egoitzetan ez ezik, hemendik aurrera beren etxebizitzetan bizi diren eta mugikortasun arazoak dituzten adineko pertsonek ere parte hartu ahal izango dute Balazta eta Nagusilan elkarteen Nagusikleta ekimenean. Hondarribiko Udalarekin lankidetzan, izena ematen duten adinekoek herrian barrena buelta emateko aukera izango dute, eguraldiaren eta prest dauden bolondres kopuruaren arabera.

2023an ekin zioten Balazta eta Nagusilan elkarteek adineko egoitzetako egoiliarrei zuzendutako ekimena. Aspaldiko urteetan ibilkiak dira Nagusilaneko bolondresak Irun eta Hondarribiko zahar etxeetan adineko pertsonen akonpainamendua egin eta paseatzera ateratzeko laguntza ematen. Baina aspaldi ikusi edo bisitatu ez dituzten herriko auzo edo eremuetara heldu ezinik, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak Europan ohikoak diren trizikloak eskuratu zituen, adineko persona hauekin herriari buelta emateko helburuarekin.

Bi elkarteek aurrerapausu bat eman nahi dute orain, eta Nagusikleta ekimenaren onurak, adineko erresidentzietan bizi diren pertsonei ez ezik, mugikortasun arazoak dituzten eta etxean dauden adineko hondarribitarrei ere eskaini nahi diete. Helburu horrekin, Hondarribiko Udalarekin harremanetan jarri zirela argitu du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Izan ere, udalak zahartze aktiboa bultzatu nahian martxan jarri berri duen 65 urtetik gorako hondarribitarren isolamendua prebenitzeko Auzosare proiektuari lotuta, zaintza komunitarioa indartzeko borondatea agertu dute bi elkarte hauek. Eta euren ekarpena ekimen hau adineko pertsona guztiei zabalduz egitea proposatu dute. Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak azpimarratu duenez, «Nagusikletak gizartean oso onarpen handia dauka eta ekarpen handia egiten du». 

Balazta Elkarteko Manu Eizagirre eta Nagusilan elkarteko Jesus Mari Guerrak argitu dutenez, izena ematen duten pertsonak bizikletan herrian barrena triziklo hauetan paseatzeko aukera izango dute, betiere pedalei ematen duten bolondres kopuruaren eta eguraldiaren arabera. Izena emateko www.hondarribia.eus gunearen bidez eta udal erregistro bitartez egin ahal izango da. Argitu dutenez, gizarte langileak zerrenda bat osatuko du, pertsonaren telefono zenbaki, helbide eta adinarekin.

Eskaintza bolondres kopuruen arabera

Ondoren, Balazta, Bidasoko bizikletaren aldeko elkartea arduratuko da, irteera egunak definitzeaz eta erabiltzaileak deitzeaz, bolondres kopuruaren arabera. Baina antolatzen joango diren irteera eta eskaera zerrendaren txandak errespetatuko dituzte. Argitu dute, hala ere, bolondresek etxeko atarietan jasoko dituztela adineko pertsonak, eta inolaz ere ez direla arduratuko pertsona hauek etxetik jeisten, ezta bizikleta buelta eman eta gero etxera sartzen ere. 

Landa eremuetan bizi diren pertsonen kasuan, aldiz, elkargunea Puntal auzoa izango da. Eta udal ordezkariak jakinarazi duenez, Behemendi elkarteak eskaintzen duen Bidez Bide furgoneta zerbitzuarekin koordinatu daiteke, erabiltzailea baserritik ekartzeko eta bueltan eramateko. Gogoratu behar da, Bidez-Bide eskaeraren araberako dohako garraio zerbitzua dela, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, eta bereziki Hondarribiko hirigunetik urrun bizi diren adinekoentzat. Furgonetak 9 plaza dauzka eta 24 orduko aurrerapenarekin eskatu behar da 611 721 959 telefonora deituz.