Urtarrilaren 14an Fernando Morillo Granderen Santiago Bidearen misterioa liburuaren irakurketarekin eman diote abiada Hondarribian "Irakurketa erraza eta mintza" tailer berriari. Udaleko Euskara Sailetik bultzatuta, eta Hondarribiko Mintzalaguna dinamika indartzeko, euskara maila desberdinetara egokitutako irakurketa saioak proposatuko dituzte hemendik aurrera Zuloaga Etxeko Udal Liburutegian. Urtarrilaren 28an izango da hurrengo hitzordua 18:00etan, Udal Liburutegian, eta hilabetero bi saio programatu dituzte otsailean (11, 25), martxoan (11, 25), apirilean (8, 29) eta maiatzean 13an eta 27an.
Garoa Lekuona Euskara Saileko ordezkariak azaldu digunez, udal liburutegian eta udal euskaltegian identifikatutako bi hutsuneri erantzuna eman nahian heldu da tailerra, «euskara ikasten ari direnei edo irakurtzeko eroso sentitzen ez diren euskaldunei irakurtzen trebatzeko aukera emanez». Hala, hilabetero eta etxeko lanik egin gabe, bereziki hautatutako liburuak leitzeko aukera emango diete. Mertxe Gerriko Hondarribiko Mintzalagunaren arduradunak dioenez, «taldeka ozenki irakurtzen dugu, eta pasarteak irakurri ahala komentatu egiten ditugu, ezagutzen ez dituzten hitzak azaltzeko, eta ulermena lantzeko». Horrela, irakurketa eta mintzapraktika egiten dute aldi berean.
Antolatzaileek argitu digutenez, momentuz, Fernando Morillo azpeitiarraren lanarekin jarraituko dute, baina hurrengo saioetarako beste istorio interesgarriak eta obra klasikoak ere aukeratu dituzte, beti ere, «irakurketa erraza» edo egokitua eginez. Montse Floresen Rif mendietako ura, Nuria Martiren Traizioa lakuan, Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Anna Tortajadaren Nahid liburuak dituzte aukeratutako zerrendan.
Mintzalagunaren urte berrirako ekintzak
Bestalde, Eta euskaraz egiten badugu? lelopean, euskara praktikatzeko ekintza osagarriak antolatu ditu Hondarribiko Mintzalaguna taldeak negu eta udaberrirako. Aurrenekoa otsailaren 15ean izango da, Legarreko leizeetara ibilaldi batekin. Martxoaren 1ean, aldiz, MintzaTxotx egingo dute. Badira zenbait urte sagardogi batera Mintzatxotx irteera antolatzen dutela. Iaz 85 lagunek parte hartu zuten, eta aurten Irungo Ola sagardotegian egingo dute, mintzalagunen artean dauden eskusoinu, kitarra eta txirularen musikarekin bazkalondokoa alaituz.
Bertan Hondarribia, Irun eta Hendaiako mintzapraktika ekimen desberdinetako kideez gain, Iruñerri, Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Donostialdeko mintzalagunak ere elkartuko dira. «Horrelako ekintzak aberasgarriak dira, jende berria ezagutzeko eta euskalki ezberdinak entzuteko aukera ematen duelako», azpimarratzen du Mertxe Gerrikok.