Hondarribian serioski hartu dute Euskaraldiaren aurtengo erronka. Herrian euskararen erabilerak azken urteetan izan duen bilakaeraz hausnartzeko gonbidapena ez ezik, herritarrak aktibatzeko tresna izan dadin nahi du Hondarribiko Udalak. Izan ere, maiatzaren 15etik 25era ospatuko da hizkuntz-ohiturak eraldatzeko helburua duen ariketa sozial honen laugarren edizioak hainbat berritasun dakar. Eta Hondarribian, herritarren %70a euskaraz aritzeko gai den bitartean, kaleko elkarrizketen %16a besterik egiten ez bada ere, «Euskaraldiak kontzientzia linguistikoak pizteko eta herritarrak aktibatzeko» gai izango delakoan dago Garoa Lekuona.
Euskara Saileko zinegotziak argitu duenez, «udalak apostua egin du eta baliabideak jarri ditu hala izan dadin, baina elkarrekin egin beharreko lana dugu». Hartara, otsailaren 4an (18:30ean) Euskaraldiaren Herri Batzordea osatzeko lehenbiziko bilera deitu dute udaletxeko areto nagusian. Ander Moron, Euskara Saileko buru berriak ere argi dauka «Euskaraldiak gauza asko mugitzeko gai dela, eta aurtengoa mugarri bat izan daitekeela herrian».
Udalak Euskara Mahaia sortu zuen iaz, eta Euskararen Plan Estrategiko berria abian jarri dute herriko kolektibo eta eragile anitzekin elkarlanean. Eta Euskaraldia ere, aniztasunetik abiatuta bideratu nahi dutela azaldu digu Garoa Lekuonak. «Plangintza orokor bat behar dugu herritarrei begira, baina gazteei zer, kiroletan zer egin, izan ikastetxeetan edo auzoetan hasi gara lanean», aurreratu du, «herritarrek ere eragin dezakete, koadrila bat euskaraz hasiko bada, gero beste batek egingo du, eta kutsatzea lortu behar dugu».
Izan ere, euskara eta ilusioa da kutsatu nahi dutena. Ander Moronek dramatismoa baztertu eta «euskararen erabilerak izan duen gainbehera» errealitate bat izanik ere, «kopuruei eta ehunekoei hainbeste begiratu gabe, benetan kontzientzian astindu bat» emateko balio dezala nahi du Euskaraldiaren 4. edizioak. Erronka nagusietako bat erabileran eragitea dela aitortzen du. «Gazte mailan esan beharrik ez dago egoera muturrekoa dela, ezagutzatik oso apartekoa da, 10etik 1ek besterik ez duelako euskaraz egiten, baina argazki gordin xamarra ematen badigu horrek, Euskaraldiak maila askotan eta adin tarte askotan eragiteko aukera emango digu», sinetsita dago.
Udaberrian euskara loratuz
Zentzu honetan, Hondarribiko Udalak kontratatu duen Euskaraldia dinamizatzeko Igor Arrietak azpimarratu duenez, «11 eguneko praktika sozial masibo bat eraman nahi da aurrera, hizkuntza-ohituren inertziak aldatzeko». Eta horretarako, laugarren edizio honen formatoak lagundu dezake, adin ezberdinetan ere eragiteko. Udaberrian ospatuko baita, eta Ahobizi eta Belarriprestak ez ezik, 16 urtez beherako gazteak Xaxatzaile gisa aktibatuz antolatu den Euskaraldiak, egoera iraultzeko gai izango delakoan daude. «Aurreko edizioetan 16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena izan da, eta oraingoan haur eta gazteak ere inplikatu nahi ditugu erronka honetan», argitu digu Arrietak.
Hondarriban, hizkuntz-gaitasuna badagoelako euskaraz bizitzeko, eta ohiturak direlako eraldatu behar direnak, inertziak apurtu. Hain justu Euskaraldiarekin bat datorren helburu nagusia. Udaberrian antolatzea ere lagungarri izango delakoan dago Arrieta, «orain arte azaroan ospatu denetan ez bezala, maiatzean harreman sozial gehiago dugu, gehiago elkar topatzen dugu kalean».
Herria aktibatzen hasteko, otsailaren 4an 18:30ean, Herri Batzordea osatzeko Euskaraldiaren lehen bilera egingo dute udaletxean. Eta hondarribitar oro, eta eragile guztiak deituak dira parte hartzera. «Askotan badirudi erakundeetatik herritarrengana zuzentzen garenean etxeko lanak jarri nahi dizkiogula, baina kasu honetan hondarribiarra izatea, euskaldun eta euskaraduna izatea dela ulertzen badugu, begiak ireki eta herritarrek eragiteko aukera dutela erakutsi nahi dugu», argitu du Ander Moronek.
Nolanahi ere, aurtengo Euskaraldia udalak herritarrekin eta eragileekin abian jarri duen Euskara Plan Estrategiko berria indartzeko tresna bat gehiago dela oroitarazi du Euskara zinegotziak. Garoa Lekuonak argitu duenez, Euskaraldia Euskara Sailaren jardunean integratuko duten egitasmoa da orain, baina «2024an martxan jarritako euskara mahaiarekin erabat lotuta dago, hasi dugun maratoi baten zati bat gehiago da, eta behin Euskaraldia pasata, euskararen erabilera aktibatzeko konpromisoarekin lanean jarraituko dugu».