Ogiberri Sariaren kasuan, bi eguneako denboren batura kontutan hartuko dute sailkapenak osatzeko. Euskadiko TxakurKros Ligarako, aldiz, igandeko kanikrosean parte hartuko duten lasterkariek bakarrik puntuatuko dute. Eta Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, larunbateko probak erabakiko du.
Lehia larunbatean 17:00etan hasiko da Bikejoringeko 3,5 kilometroko erlojupeko proba batekin. Proba horretan, txakurrak korrika egiten du eta pertsona bizikleta gainean doa, beti ere lasterketa txakurraren erritmora egokituz. Ondoren, 19:00etan, Gaueko Txakurkrosa egingo dute, korrika 4,4 km-ko ibilbidean.
Igandean, aldiz, goizeko 9:00etan hasiko da Bikejoring proba eta 10:30etan kanikrosa. Antolatzaileek azpimarratu dute, animalien ongizatea dagoela guztiaren gainetik, eta probak hasi aurretik albaitarien kontrola pasatzen dutela.
Sari banaketa 12:30ean egingo dute, eta kirol mota hau ezagutzera emateko 11:45ean kanikros proba popularra antolatu dute bere txakurrarekin probatu nahi duen orori irekita. 12:15ean, aldiz, 50-200 metroko Kanikros Txikia ere antolatuko dute haurrei zuzenduta. Elkarte antolatzaileak dioenez, Europako zenbait herrialdetan zabalduagoa dagoen arren, Euskal Herrian oraindik ezezaguna da kanikross modalitatea.
Hala ere, urtetik urtera gero eta federatu gehiago dago, eta Hondarribiko Kanikros lasterketa da horren adibiderik garbiena. 2016. urtean proba hau antolatu zuten aurreneko aldian 96 lagunek parte hartu zuten bitartean, azken bi edizioetan 140 kirolari eta txakur jaso ditu. Bi modalitateen artean ugariena kanikros (100 bat) delakoa da. Txirrindarekin Bikejoring hogei bat izan ohi dira Hondarribian urtero.