Jaizkibel babesteko, mendiko pista eta baso-bideen erabilera arautuko dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko ots. 3a, 13:13

Hondarribiko Udalak "Zaindu Dezagun Jaizkibel" lelopean, mendiko pistak eta baso-bideak kontserbatzeko eta ibilgailu motordunen erabilera arautzeko udal ordenantza egingo du. Otsailaren 3an hasi da ofizialki ordenantza idazteko prozesua eta, aldez aurreko kontsulta publikoaren epearekin batera, otsailaren 24a arte herritarrek iritzia eman dezakete. 

Natura 2000 Sarearen baitan, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa sailkatua dago Jaizkibel mendia. Baina bere formazio geologiko eta biodibertsitate aberatsak, bisitarien erreklamu diren aniztasun handiko paisaiak eta kultura ondare garrantzitsuak gordetzen ditu bere baitan. Haatik, Hondarribiko Udalak argitu duenez, «azken urteetan asko ugaritu da ibilgailu motordun mota guztien erabilera, pistetan eta baso-bideetan, eta horrek arriskuan jartzen du pisten eta bideen osotasuna eta kontserbazioa ez ezik, mendiaren beraren natura-ondarearen balioak ere».

Mendia babesteko lanetan diharduten zerbitzuen azpiegituretarako, larrialdi eta babes zibileko zerbitzuetarako, zein mendian jabetzak dituzten herritarren zein bisitarien igarobideak bermatu behar badira ere, bertan mugitzeko eskubidea mendiaren babesarekin uztartu beharra dago. Errealitate hori ikusita, Hondarribiko Udalak beharrezkoa ikusi du pista eta bide horietan ibilgailu motordunen erabilera antolatzea eta arautzea.

Udalak argitu du, hori arautuko duen udal ordenantza idazten hasi direla, eta pasa den astean udalak Alkartasuna Elkartean bilera egin zuela inguruan bizi diren baserritar, erabiltzaile, ehiztari edota interesa izan zezaketen herritarrekin. Hala ere, prozesu administratiboak agintzen duen bezala, aldez aurreko kontsulta publikoaren epearekin batera herritarrei iritzia emateko aukera emango zaie, otsailaren 3 honetatik otsailaren 24a arte. Bi modutara parte har daiteke; aurrez aurre BAZ bulegoan (Javier Ugarte kalea, 6) ala erregistro elektronikoaren bidez.