Arrantzale auzoa berrurbanizatzeko 15 hilabeteko lanak hasi dituzte

Antxeta Irratia 2025ko ots. 4a, 11:57

Hiru fasetan banatuko duten obra honekin amaituko dute Portua auzoa berrurbanizatzeko proiektua. Atzo Gran Sol eta Itxaropena tabernen arteko plazatxoarekin hasi ziren, eta udan Arrantzale auzoko 1-13 tartean jarraituko dute. Azkenik, 2025eko udazkena eta 2026ko martxora arte aurreikusia dute hirugarren fasea Arrantzale auzoko 13. zenbakitik San Pedro kalea berritu zen azken punturaino.

Santiago kaleko 1etik 21era egindako berritze lanak amaitu berri dituztela, oraingoan Portu auzoaren bihotzean dagoen Arrantzale auzoaren txanda da. Estitxu Urtizberea Hiri eta Lurralde Antolakuntzarako zinegotziak azpimarratu duenez, «obra handia da, inbertsio aldetik eta epeetan ere 15 hilabete iraungo du». Aurrekontua 2.861.454,95 eurokoa da, eta lanak Urbycolan enpresak egingo ditu. 

Udal ordezkariak argitu duenez, proiektu honekin duela urte batzuk hasitako Portu auzoaren berrurbanizatzeari amaiera emango zaio, Almirante Alonso kalean hasi eta Matxin Artzu, Bernat Etxepare, Zuloaga, San Pedro eta Santiago kaleak berriritartu ondoren. Eta amaitu berri dituzten Santiago kaleko obretan bezala, «proiektuaren helburua irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoaren kalitatea hobetzea da». Oinezkoentzako espaloiak zabalduko dituzte eta oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte, San Pedro kalearen irizpide bera jarraituz.

Horrekin batera, Txingudiko Zerbitzuekin lankidetzan, lurpeko hainbat azpiegitura berritu eta egokituko dituzte. Sanamendu eta ur hornidura sareak, baita telefono eta argindar instalazioak ere. Urtizbereak aurreratu duenez, argiztapenean ere hobekuntzak egingo dituzte eta hiri-altzari berriak ezarriko dituzte. Gainera, komun publiko finko berri bat jarriko da Gran Sol tabernaren atzealdean.

Hiru fasetan banatua

Estitxu Urtizbereak obrak luzerako direla aintzat hartuta, auzotar eta ostalariei begira informazio puntu bat antolatu dutela azpimarratu du. «Plazan bertan lanei buruzko zalantzak argitzeko aukera izango dute, baina fase bakoitzean hunkitutako herritarrekin bilera informatiboak egingo ditugu». Udal ordezkariak argitu duenez, lehen fasea hasi aurretik bertako ostalari eta bizilagunekin batzartu dira. Eta hurrengo faseetan hala jokatuko dute zalantzak argitu eta kexak jasotzeko. 

Esan bezala, proiektuak 15 hilabete iraungo du eta hiru fasetan banatuko dute. Atzo hasitako lehenengo fasean, Gran Sol eta Itxaropena tabernen artean dagoen plazatxoa eta inguruak berrituko dituzte. Eta ezustekorik egon ezean, maiatza amaierarako amaitzea aurreikusten du udalak. Jarraian, Arrantzale auzoko 1-13 tartean jarraituko dute, uda partean. Eta hirugarren fasea Arrantzale auzoko 13. zenbakiaren ingurutik San Pedro kalea berritu zen azken punturaino iritsiko da. Fase hau, 2025eko udazkenean hasi eta 2026ko martxora arte iraungo duela zehaztu du Urtizbereak.