Hondarribiko udal gobernuak 2023-2027 agintaldirako planean alardearen gatazkaren konponbiderako hainbat neurri jaso zituen, eta 61. neurria «herritarron arteko elkarrizketa dinamikak sustatzea» izanik, Alardearen auziari buruzko iritziak, bizipenak eta jarrerak jaso eta inkesta soziologiko bati esker «herriari tenperatura hartu» nahi izan diote oraingoan. Metodologia kuantitatiboa eta zientifikoa izan dela azpimarratu du Estitxu Urtizberea alkateordeak.
Inkestaren metodologia zientifikoa
Azaroaren 12tik 15era bitartean telefonoz 18 urtetik gorako 400 herritar inkestatu dituzte. «Laginketan genero aniztasuna eta biztanleriaren adin tarteak kontuan hartu dira, Hondarribiko demografiaren irudikoa izan dadin», argitu du Urtizbereak. Horrela, inkestatuen %50,9 emakumea izan da, eta gainerakoak (%49,1) gizonezkoak. Eta adinari dagokionez, 18 eta 29 urte bitartekoa zen inkestatuen %14,4, 30-45 urte artekoak %20,7, beste %29,1, aldiz, 46-60 urtekoak, eta adin horretatik gorakoak izan dira galdekatuen beste %35,8.
Bestalde, inkestatzaileek egindako galderak joan den hamarkadan egindako antzeko beste ikerketa batean oinarritutakoak izan dira, «bilakaeraren nondik norakoari» jarraipena egin ahal izateko. Alkateordeak azaldu duenez, inkestaren ardatz nagusiak honakoak izan dira: gizarteak alardeari ematen dion garrantzia, zein parte-hartze mota dauden gaur egun, udalerriko bizikidetzan nola eragiten duen, eta herritarren emozionaltasunean, eta gatazkaren erroa nondik etor daitekeen hausnartzeaz gain, irtenbide posibleak zeintzuk izan daitezkeen. «Uste dugu nahiko ondo jasotzen duela gaur egungo sentimendua eta herritarrek zer proiektatzen duten etorkizunerako», azpimarratu du Urtizbereak.
Datu kuantitatibo baina esanguratsuak
Gizaker enpresak prestatu duen txostenean zehazten denez, %75,6k aldierazi dute alardea oso garrantzitsua edo garrantzitsua dela. Aldiz, inkestatuen %47,4k ez du inoiz parte hartu. Eta parte hartu dutenen artean, berriz, %39,3k alarde baztertzailean parte hartu duten bitartean, %6,4k Jaizkibel konpainian desfilatu du. Gatazkaren erroa non dagoen galderari, %31,3k uste du interes politikoagatik izan dela. Eta alardearekin lotzen dituzten sentimenduei buruz galdetuta, «tristura» eta «lotsa» dira nagusi, baina %43k pentsatzen du duela bost urteko egoerarekin alderatuta tentsioa baretu dela.
Bestalde, etorkizuneko konponbide posibleei begira, hondarribiarren %65k alardearen gatazka elkarrizketa bidez konpontzeko beharra sentitzen du, eta inkestatuen %58,5ek nahiago luke alardea udaletxeak antolatuko balu. Era berean, ororen %56 alarde parekidearen aldekoa da.
Datu zehatzek diotenaz haratago, inkestatzaileek udalari helarazi dioten lehen ondorioa, herritarrek alardearen auziari buruz hitz egiteko beharra duela izan da. Igor Enparan alkateak azaldu duenez, «jendea eskertua agertu da inkestari esker hitz egiteko aukera izateagatik». Eta inkestatzaileek azpimarratu dutenaren arabera, «inkestaren elkarrizketek karga emozional handia izan dute, inkestatzaileek pandemia garaian etxeratuak izan gintuzten garaian egindako inkestekin konparatu dituzte», argitu du Enparanek.
Eta herritarrek adierazitako alardeari buruz mintzatzeko beharra inkestatuekin emandako denboran ere eragina izan du. Bistan denez, halako inkesta bat osatzeko 5 minutu behar diren bitartean, 400 inkesta hauetan batez bestean 8-9 minutu behar izan baitituzte.
Elkarrizketarako eremu seguruak
Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, udal gobernuak zuen ustea berretsi egin du inkestak. Izan ere, hondarribiarren %65 baino gehiagok alardearen gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko beharra sentitzen duela aitortu du. Eta identifikatutako behar horri bide emateko, alkateak aurreratu du «sentimendu ezberdinak dituzten 40 pertsonako taldetan, herritarrek modu eroso eta seguruan eztabaidatu dezaten» 3 saio antolatuko dituztela. Udalaren aurreikuspena da bilera hauek otsailaren 13an, martxoaren 13an eta apirilaren 3an Itsas Etxean antolatu ahal izatea.
Jendeak parte hartzeko nahia eta beharra transmititu badu ere, alkateak aitortu du «hari horri helduta egokiak diren espazioak sortu behar ditugula hori gauzatu ahal izateko, ez dakiguna da gai izango garen egoera hori sortzeko, hori da guk orain dugun erronkarik handiena». Saio hauetan parte hartzeko Hondarribiko Udalaren atarian www.hondarribia.eus izena eman beharko da. Eta inkestaren txostena ere, gaur bertan zintzilikatu dute webgunean kontsulta egin ahal izateko.