Ostiralean "Irabazi Arte!" telesailaren estreinaldia pantaila handian emango dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko ots. 10a, 11:08

Aurrestreinaldia Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin eta gero, UEMAko kide diren beste 83 udalerriekin batera, otsailak 14an (19:00etan) "Irabazi Arte!" telesailaren laugarren denboraldiaren estreinaldia pantaila handian egingo dute Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean.

Printzesak futbol taldearen abenturak kontatzen dituen "Irabazi Arte!" telesailaren laugarren denboraldia otsailaren 14an estreinatuko dute MAKUSIn, haur eta gaztetxoentzat EITBk duen plataforman. Hondarribian, aldiz, pantaila handian gozatu ahal izango dute, haur, gazte eta familiek. Ostiralean 19:00etan "Irabazi Arte!" telesailaren estreinaldia egingo baitute Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, telebistan eman aurretik. 

Hondarribia, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren beste 83 udalerriekin batera izango dure horretarako aukera. Aldiz, lehen atala primizian ikusteko lehen hitzordua Bilbon izan zuten urtarrilaren 26an, eta Donostian (otsailaren 2an), Gasteizen (otsailaren 9an) eta Iruñean (zehazteke oraindik) ere egin dituzte aurkezpen ekitaldiak. Sarrerak eskuratzeko (2€) Arma Plazan edo internet bidez egin daiteke hemen sakatuz.

Azken urteetan ETB1eko "Goazen" denboraldia amaitu, eta honen segida hartzen duen telesailak lortu duen arrakasta eta gero, ikusmina piztu du laugarren denboraldiak. Aurreko denboraldian hainbat galdera erantzunik gabe geratu ziren telesailan: Arene ibiltzeko gai izango da? Jonek Martxeloren eta Alaitzen azpijokoak agerian utziko ditu? Zer gertatuko da Lukarekin, jipoia jaso ondoren? Bada, bizimodu berrira moldatu beharko dira protagonistak, eta oztopoz beteriko bideari nola egingo dioten aurre ikusiko dugu otsailaren 14tik aurrera, MAKUSI plataforman. Baina momentuz, ahoa gozatzeko, zaleek Hondarribian dute hitzordua.