Bertako babarrunari lekua egingo diote Damarri plazan otsailaren 23an

Antxeta Irratia 2025ko ots. 10a, 13:31

Zumardikoak elkarteak Babarrun Txapelketa antolatu du bigarren aldiz. Otsailaren 23an Damarri plazan (euria bada Soroetan) izango da lehia gastronomikoa. Otsailaren 14an itxiko dute herriko elkarte parte hartzaileentzat izena emateko epea, eta iragarri dutenez, otsailaren 19an banatuko dute osagai izarra, denak Hondarribiko baratzeetatik bildutako babarrunak. 

Sukaldaritza eta herriko elkarte gastronomikoen parte-hartzearekin batera, ekimen honen helburu nagusia bertako produktua balioan jartzea du. Zumardikoak elkarteak gutun bana bidali die Hondarribiko elkarte guztiei lehiaketan izena eman dezaten. Eta otsailaren 14an itxiko dute horretarako epea. Lehiaketan izena emateko, zumardikoak.hondarribia@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidali edo 629405969 telefonora deitu edo idatzi behar da.

Antolakuntzak argitu duenez, oraingo honetan elkarte bakoitzeko bi taldek parte hartu ahal izango dute, eta bi kazola aurkeztu ditzakete txapelketan. Otsailaren 23an goizeko 9:00etan hasiko beharko dira babarrunak prestatzen. Eta mahaiak Zumardikoak elkarteak jarriko dituen bitartean, parte hartzaile bakoitzak bere sua eta kazolak eraman beharko ditu. Juan Jose Lapitzen errezeta bati jarraituz sukaldatu beharko dira babarrunak, ura, olioa, tipula eta gatza erabiliz. 

Epaimahaiari dagokionez, lau lagunek osatuko dute. Eta Zumardikoak elkartetik iragarri dutenez, sukaldari bat, elkarte gastronomikoekin lotutako pertsona bat, euskal produktuaren ezagutza handia duen pertsona bat eta baserriaren mundua ezagutzen duen beste pertsona batek osatuko dute.

Babarrun Txapelketa nork irabaziko duen axola gabe, epaimahaiak erabakia hartutakoan, bababrrun-jana antolatuko dute Batzoki jatetxean, azarekin, saihets-hezurrarekin, txorizoarekin, odolkiarekin eta piperminekin batera. Horretarako lekua erreserbatu behar da aldez aurretik, telefono honetara deituz 629 405 969.

Babarrun banaketa eta nekazaritzaz hitzaldia

Antolakuntzak jakinarazi duenez, otsailaren 19an banatuko dizkie parte hartzaile guztiei txapelketan erabili beharko dituzten Hondarribiko babarrunak. Banaketa Batzoki jatetxean egingo dute 18:00etatik 19:30era. Eta argitu dutenez, gainerako osagaiak parte hartzaileek beraiek eraman beharko dituzte lehiaketaren egunean.

Banaketa egunean bertan, eta txapelketa antolatzeko helburuen artean herriko baserritarren produktua balioan jartzea dela kontuan hartuta, 18:30ean "Nekazaritza birsortzailea eta praktika berriak" izeneko hitzaldia antolatu dute honi lotuta. Domingo Merino izango da hizlaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria izan da 17 urtez, eta beste 20 urtez, aldundiko nekazaritza eta ingurumeneko laborategiko zuzendaria.