Kultura eta sormenari atea ireki nahian dabil Hondarribiko Udala

Koldo Nausia 2025ko ots. 12a, 12:24

Hondarribia Sormen Hiria izeneko 6.000 euroko bi beka sortu ditu udalak herriko artista eta sortzaileak laguntzeko. Garatuko dituzten lanak jendaurrean aurkezteko Madalen karrikan martxoan ateak zabalduko dituen Hondarribia Kultura lokala ere atondu dute. Eta herrian artistek daukaten espazio gabeziari erantzun nahian, Polborina ere zabalduko dute aurten horretarako. 

Hondarribian kultura txikitik handira eta behetik gora saretu nahi dute. Joan den otsailaren 8an Hondarribiko Udalak herriko artista eta sortzaileekin Kultur Etxean antolatutako bileran 30 lagun elkartu ziren. Hondarribia Sormen Hiria lelopean, 2022ko ekainean Aiza kultur elkarteak abiatu zuen herriko artisten saretzea bultzatzeko erronkari segida eman nahi dio udalak orain.

Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak azaldu duenez, «artisten arteko harremanak, elkar ezagutza eta elkarlana bultzatu» nahi du udalak. Kultura teknikari Goyo Uriartek gaineratu du, udalak ez duela ezer konpontzeko helburua, «hazia erein eta etorkizunean sortuko den kultur emaria sustatu, lagundu eta herriko artisten bidelagun» izan baizik. «Egoera zein den testatu, arte giharra ote dagoen eta norainoko beharrak dituzten identifikatu nahi ditugu, baina udalak tutorizatu gabe, elkarlana sustatu nahi dugu harreman horietatik sinergia berriak sor daitezkeelako», azpimarratu du Uriartek.

Laguntza ekonomikoa eta espazio berriak

Horretarako lehen urratsa, aspaldiko kultur sormenerako dirulaguntza deialdia eguneratu, eta Hondarribia Sormen Hiria lelopean 6.000 euroko bi beka eskainiko ditu udalak. Aurki plazaratuko dituzte baldintzak, baina herrian 10 urtez erroldatuak egon diren sortzaileak aurkeztu daitezke, eta sormen artistikoko diziplina anitz kontuan hartuko dituzte: pintura, eskultura, obra grafikoa, argazkigintza, ikus-entzunezkoa eta zinemagintza, komikigintza, arte eszenikoak, musika eta konposizio digitala.

Udal ordezkariek aurreratu dutenez, bekari esker garatutako proiektuak jendaurrean aurkezteko aukera eman die udalak, alokatu eta atondu berri duten Madalen karrikako eskailera mekanikoetan dagoen kapera zaharraren etxean. Bertan kokatu dute Hondarribia Kultura lokala. 40 metro koadro ditu eta iragarri dutenez erakusketa gune ez ezik, artista eta sortzaileentzako tailer izateko bokazioa izango du.

«Guztiak izango du sekuentzia bat, beka deialdia luzatu ondoren, martxoan jarri nahi dugu lokal berri hau martxan, eta herrian dagoen artistentzako espazio gabeziari erantzuteko, aspaldi itxita dagoen Alde Zaharreko Polborina ere ireki nahi dugu udaberrian», iragarri du Ortzi Alonsok. Ez ditu xehetasun gehiagorik eman oraindik, baina Alde Zaharrean bezala, Madalen karrikako lokalak ere, auzoko dinamikan eragiteko helburua izango du. «Ez dakit lortuko dugun, baina auzoko merkatari, ostalari eta bizilagunekin sinergiak bilatu nahi ditugu», dio, kultura eta sormena dinamika berrien traktore izan daitekeela sinetsita. 

Aurten kultura eta sormenari leku emateko zabalduko dituzten bi egoitzak ez dituzte beraz ausaz hautatu. Polborina bezala, Madalen karrikako lokala ere eraikin historiko bat da. Eta txikia izanagatik ere, Goyo Uriartek aditzera eman duenez, «beste leku batzuk ere aztertu ditugu errekamaran edukitzeko, baina pausuak txikitik handira ematera goaz, eta Polborina ere atontzen ari gara dagoeneko».