Heldu den astelehenetik otsailaren 21a arte Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola “… A Tempo” zikloaren zortzigarren edizioa ospatuko du. Hondarribiko Musika Eskolan urte osoan zehar ari diren 350 ikasleek ikasitakoa plazaratzeko aukera emateaz gain, herri osoari irekitako tailerrak, hitzaldiak eta emanaldiak antolatu dituzte. Musikak gure bizitza hobetzeko duen gaitasuna eta pedagogia egiteko helburua dutela nabarmendu du Esther Barandiaran eskolako zuzendariak.
Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak ere hau nabarmendu du ekimenaren aurkezpenean. «Beharbada ez gara ohartzen musika zein garrantzitsua den gure bizitzan, baina eskolatik egiten den pedagogia lan hori eskertzekoa da, haur, gazte eta heldu, ikasle, guraso eta irakasle guztientzat», dio Alonsok. Zentzu honetan, eskolaren urte osoko lanaren adierazgarri izateaz gain, astebeteko programazio berezi hau urrats bat harago joateko helburua duela balioan jarri du udalak.
Zentzu honetan, ilusio handiz landutako astea dute Musika eta Dantza Eskolan. Herriko txikienetatik hasi eta haien familia zein irakasleei zuzendutako jarduerek osatzen dute egitaraua. Eta Musika Eskolak lantzen dituen diziplina ugarien irudiko izateaz gain, zenbait aditu eta ospe handiko musikari ere hurbilduko dira Alde Zaharreko Musika Eskolara. Uikan Dantza taldea, Itsaso Marti musikaren balio teraupetikoan aditua den neuropediatra edota Eñaut Elorrieta musikaria pasako dira "... A Tempo ziklotik" besteak beste.
Esther Barandiaran, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak eman dizkigu xehetasun guztiak. Eta iragarri digunez, adin guztietako ikasleek izango dute musika egin eta ikasteko, baina «eskolak ateak zabalik izango ditu parte hartzeko interesa duen ororentzat».
Denetarako emango badu, elkartasunerako keinu bat izango dute Valentziako DANA edo tanta hotzaren biktimekin. Kontatu digunez, Aldaya herriko musika eskolako 12 urte arteko ikasleekin harremanetan jarri baitira, eta haiekin bideo-konferentziaz lotuko dira uholdearen ondotik bizi duten egoera interesatzeko. Bestalde, Marijose Noain historialariak, Gabriele Münter artistaren lanaren berri emango die ikasleei, artearen eta musikaren historian izkutuan geratu edo isilaraziak izan diren emakumeen garrantzia azalerazteko helburuarekin. Hauxe duzute egitaraua osoa:
- Gorputzetik sortzen: otsailaren 17an17:00-17:45era. otsailaren 18an 17:00-17:45era.
- Txikisfonik: otsailaren 17an 17:30-18:15era. otsailaren 18an 17:30-18:15era.
- Lanketa tailerra: otsailaren 17an 18:00-19:15era.
- Eñaut Elorrietarekin kantu eta kontuka: otsailaren 18an 18:30etik aurrera.
- Begirada lantzen: otsailaren 19an16:30-17:30.
- Dibertsitateari bidea ematen: otsailaren 19an17:00etik aurrera lehen saioa eta 18:00etik aurrera bigarren saioa.
- Animalien inhauteria: otsailaren 19an 17:00etan 0-3 urteko haurrak eta 17:45ean 4, 5 eta 6 urtekoak.
- Conexión unió musical D’Aldaia: otsailaren 19an 18:00etan. (Valentziako Musika eta Banda Eskola)
- Masterklass txikia: otsailaren 19an 18:00-19:30era.
- Inhauterien entsegua: otsailaren 20ean, 17:00etatik aurrera.
- "Los trastornos del neurodesarrollo y la música", otsailaren 20ean Ostegunean 18:00etik aurrera. (Gaztelaniaz)
- "Responsabilidad de confidencialidad. Gestión de la información y estilo de comunicación" irakasleentzako formakuntza, otsailaren 21ean 09:00etatik aurrera.
- Denen emanaldia: 18:00etatik aurrera.