Hondarribiko Ikastolaren sorrera lehen eskutik jasotzen duen "Ero Haiek" dokumentala ostiralean estreinatuko dute

Antxeta Irratia 2025ko ots. 19a, 11:50

Euskalgintzan mugarri izan zen Hondarribiko Ikastola sortu zutenen testigantzak biltzen dituen "Ero Haiek" dokumentala otsailaren 21ean, ostiralean, emango dute estreineko aldiz Itsas Etxean. Ikastola sortu zutenetik 60 urte betetzen diren honetan, Udaleko Euskara Sailetik bideratutako proiektu honekin, herriarentzat hain garrantzitsua izan den egitasmo honen memoria kolektiboa gorde nahi dute. 

“Ero Haiek, Hondarribiko Ikastola sortu zutenetik 60 urte” dokumentalak testigantza ezberdinen bidez herriko ikastolaren sorrera eta lehen urteak kontatzen ditu. Hondarribiko Udaleko Euskara Sailetik bideratutako dokumental honen helburua herriarentzat hain garrantzitsua izan den egitasmo honen abaipuntua, bultzatzaileak, eta gertaera esanguratsuenak jasotzea izan da. Garoa Lekuona Euskara Saileko ordezkariak azpimarratu duenez, «memoria kolektiboaren eta transmisio zuzeneko tresna bat izateko asmoa» du proiektuak. 

Dokumentalaren egilea Gari Garaialde (BO5TOK) izan da. Testigantzen bidez argitu du zein izan ziren guraso bultzatzaileak, lehen andereñoa, lehen gelaren kokapena eta lehen urteetako gora beherak. Noiz eta nola, Euskal nortasunaren kontzientzia argiaren isla izan ziren lehen pauso horiek, frankismoaren garai ilunetan ere, beren seme alabak euskaraz haztea naturaltzat jo zuten guraso “Ero Haiek”ena, hain zuzen ere. Garaialdek gogoratu duenez, «kolektibo batek komunitate batentzako egindako lana da, herriak herriarentzat». 

Garoa Lekuona zinegotziak dokumentalak memoria gordetzeko duen garrantzia adierazi du. «Gure herriko historian eta euskalgintzan mugarri izandako ikastolaren sorrera lehen eskutik jasotzea memoriari eta euskarari zor genion lanketa zen, eta haur hondarribiarrek euskara ikastea posible egin zuten herritar orori Udaletik zor genien aitortza», aitortu du. Horregatik, Euskara saileko ardura hartu bezain pronto dokumentala burutzearen konpromisoa hartu zuela argitu du. 

Lehen emanaldia otsailaren 21ean egingo dute 19:00etan Itsas Etxea auditoriumean. Eta azken sarrerak Arma Plazan eskura daitezke oraindik.