Sugarrek kiskalitako sauna eremua konpontzeko baimena jaso du udalak

Antxeta Irratia 2025ko ots. 20a, 15:03

Hondartza kiroldegiko sauna eremuan duela hiru aste emandako sutearen kalteak aseguru-etxeak baloratu ondoren, Hondarribiko Udalak aste honetan jaso du konponketak egiteko baimena. 

 

Joan den urtarrilaren 31ean arratsaldean Hondartza kiroldegiko sauna eremuan emandako suteak eragindako kalteak «lehenbailehen» konponduko dituztela jakinarazi du Hondarribiko Udalak. Sugarrek gorputz tratamendurako gunean eta inguruko hainbat instalaziotan «kalte material larriak» eragin zituen. Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza gertakarien lekura gerturatu ziren, eta sutea kontrolatu ondoren, segurtasun arrazoiengatik kiroldegi osoa hustu zuten. 

Orain arte zerbitzuak itxita mantendu dituzte, eta oraindik denbora beharko da zerbitzuak konpondu eta martxan jartzeko. Hala ere, udalak argitu duenez, aseguru-etxeak kalteen balorazioa egiten aritu da orain arte. Udalak bere partetik instalazioen auditoria agindu du, eta zehaztu dutenez haren arabera argituko dituzte egin beharreko urgentziazko lanak. Baimena jaso berri dute, eta obrak datozen egunetan hastea aurreikusi dute.