Satelite bidezko teknologia ezarriko dute aireportuan aro txarrarengatik desbideraketak sahiestu, eta azken bolada onari eusteko

Koldo Nausia 2025ko ots. 26a, 13:38

Azken hilabeteetan eguraldi txarragatik desbideratutako hegaldiengatik kezkatuta, agintariek «etxeko lanak» egin dituzte. EGNOS satelite bidezko nabigazioan oinarrituta, GPS seinalearen prestazioak areagotuko dituzte behe-hodeiek lurreratzea oztopatzen dutenean. «Aireportua modernizatzeko eta etorkizuna bermatzeko apostua» berretsi egin dute Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hondarribiko aireportuak bere historiako boladarik onena bizi du. 2023an jaso zituen 474.140 bidaiarien marka historikoa 3.832 erabiltzailetan hobetu egin zuen 2024an. Hasiera batean AENAk emandako datuen eguneraketa behin eginda, 12.354 bidaiari batu behar izan zizkioten erakunde ezberdinek hasieran adostutako kopuruari. Hala ere, iazko 486.494 bidaiarien kopuru hori hobetzen jarraitzeko asmoa adierazi dute agintariek, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak bertara egindako bisitan.

Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak aireportuaren zuzendariarekin. 

Mugikortasun Iraunkorreko sailburu Susana Garcia Chueca eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Hondarribiko aireportuko zuzendariarekin, Jose Manuel Sanchez Losadarekin bildu dira bertan. Aireportuaren garapenari buruz hitz egin dute, baita azpiegitura horren erronkei heldu ere.

Mehatsuak eta aukerak

Bileran, Sanchez Losada zuzendariak aireportuaren egoeraren berri eman die agintariei, baita instalazioak hobetzen jarraitzeko beharra eta pandemia amaitu zenetik erregistratu dituen zifra bikainei eusteko dauden proiektuen berri eman ere. Alde guztiak azpiegitura hori sustatzen laguntzearen alde agertu dira, Gipuzkoarentzat «funtsezkoa» dela uste baitute. Eta aireportuan egin beharreko hobekuntzak eta datozen urteetan izango dituen indargune eta mehatsuak ere aztertu dituzte.

Zentzu horretan, abiadura handiko trena (AHT) Irunera heltzeak suposa dezakeen lehia baino, bidaiari eta hegaldi konexio berriak garatzeko aukeratzat jotzen dute. Baina hegaldiak dibertsifikatzeko edo hegaldi pribatuek ireki dezaketen merkatua lantzeko, aireportuaren instalazioak hobetzen jarraitzeko inbertsioak egin beharko direla aitortu dute. Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Marisol Garmendiak azpimarratu duenez, «EAEko hiru aireportuen modernizazioan eta operazioen segurtasuna hobetzeko lanean ari da gobernua».

Modernizatzeko beharra

Honi lotuta, agintariak kezkatuta agertu dira azken hilabeteetan eguraldi txarragatik desbideratutako hegaldiengatik. Sanchez Losadak azaldu du aireportuak «etxeko lanak» egin dituela. Izan ere, EGNOS satelite bidezko nabigazioan oinarritutako maniobra berriak diseinatu dituzte. Horri esker, GPS seinalearen prestazioak areagotzen dituzte eta, behe-hodeien sabaia dagoenean, desbideratze kopurua murriztea ahalbidetuko du. Teknologia hau aprobetxatzeko, aldiz, hegaldi konpainiek satelite horien seinaleak jasotzeko beharrezko ekipamendua ezarri beharko dute haien hegazkinetan.

Hondarribiko aireportua sustatzen jarraitzeko beharra eta «etorkizuna bermatzea denon ardura» dela azpimarratu dute. Gipuzkoako enpresa sektorearentzat ez ezik, «turismoarentzat erakargarria izateko aukera emango digulako, Gipuzkoa mapan mantentzeko eta gauden testuinguru historikoari erantzuna emateko» argitu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Azahara Dominguez diputatuak.