Inauteriei azken agurra emateko atzo sari banaketa, eta gaur Sardinaren Ehorzketa Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko mar. 4a, 10:31

Igande inauteko desfilean konpartsarik onenak eta herriko establezimendutako erakuslehiorik originalenak saritu zituzten atzo Hondarribiko Udal Areto Nagusian. Herrian inauteriak ofizialki amaitu badira ere, Zumardikoak elkarteak duela urte asko ospatzen ez den Sardinaren Ehorzketaren tradizioa berreskuratu du aurten. «Dolu latzez jantzita» agertzeko deia luzatu dute Kai Zaharrean 18:45ean, inauteriei azken agurra emateko.

Igande inauteko desfilean Hondarribiko Udaleko Kultura eta Merkataritza departamentuek antolatutako lehiaketaren sari banaketa egin zuten atzo arratsaldean. Udaletxeko Areto Nagusian bildu ziren kategoria ezberdinetan saritutako konpartsa eta taldeak. Bertan izan ziren Hondarribiko alkate Igor Enparan, Kulturako zinegotzia Ortzi Alonso, Goio Uriarte Kultura teknikaria eta beste hainbat zinegotzi ere. 

Inauterietako karrozarik onena Hor konpon izan da. Bigarren saria Girotzen Kultur Elkarteak eraman du, eta hirugarren saria Carlos Zapirain dantza eskolarentzat izan da. D taldeko konpartsa lehiaketan, aldiz, lehen saria Hor konpon taldearentzat izan da ere, eta bigarrena Amute Kosta Auzolagunak taldearentzat, hirugarrena Girotzen Kultur Elkartea, laugarrena Kuki Taldea, bosgarrena Pilar Peña Dantza Eskola, eta seigarren Carlos Zapirain dantza eskola. Hondarribikoa ez den konpartsen artean, aldiz, Toxic konpartsa izan da lehena, bigarrena Gazte Landetxa Gazte Elkarteak, hirugarrena My Dance Studio, laugarrena Trikuharri Elkarte Soziokulturala, bosgarrena JazzArte dantza taldea eta seigarrena Santiagoko Deabruak geratu da.

C konpartsetan kasuan, lehen saria Mugiri Kultur Elkartearentzat izan da, eta bigarrena Edurne Martin Agirre. Eta 2 eta 5 pertsonek osatutako B kategoriako konpartsetan lehen saria Maximo Martinezentzat izan den bitartean, bigarrena Jose Ramon Lorenzok eskuratu du, eta hirugarren saria Euskal Txerritxoak eta abar eta Los Manolas partekatu dute. Bakarkako parte hartzeari dagokionez, (A konpartsetan) lehen saria Guillermo Soduperentzat izan da.

Bestalde, Hondarribiko Udalak herriko establezimenduak girotzeko antolatzen duen erakusleiho lehiaketari dagokionez, hiru sariak Xera Estetika, Higer Optika eta Ongi Etorri saltokientzat izan dira.

Sardinaren Ehorzketa bukatzeko

Hondarribian urte asko dira sardinaren ehorzketa ospatzeari utzi zitzaiola. Baina aurten Zumardikoak elkarteak berreskuratu du tradizioa. Gonbidapena luzatu diete parte hartu nahi duten guztiei, «dolu latzez jantzita» 18:45ean Kai Zaharrean agertzeko. Arratsaldeko 19:00etan irtengo dira eta Portu auzoko kaleak zeharkatuko dituzte Alde Zaharreko Kale Nagusira iritsi arte. Ondoren, sardina-jana eta txotx batekin amaituko dute Damarri Plazan.