Martxoaren 8ko Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren atarian, Hondarribiko Udalak "berdintasunerako ahaleginak berritzeko konpromisoa" berretsi du. II. Berdintasun Plana egiteko diagnostikoa osatu berria dute, eta eragile feministen parte-hartzearekin Berdintasun Mahaia eratu eta lanean hasi dela, herriko historian lehen Udal Berdintasun arloaren aurreneko urtearen balorazio baikorra egin du alkateak.
Igor Enparan alkateak «berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko bidean, politika publikoak garatzeko behar beste egituraz eta baliabidez hornitzeko konpromisoa» adierazi du. Genero-ikuspegia duten politikak garatzearen beharraz gain, «gizarte heteropatriarkalaren ondorio diren esparru guztietako negazionismoei eta jokabide matxistei aurre egitea eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde borrokatzea». Azken urte honetan udalak egindako urratsak positibotzat jo ditu alkateak. Aurrerapen nabarmenetako bat Berdintasun Saila sortu izana da, 57.750 euroko aurrekontuarekin, berdintasunerako teknikari eta dinamizatzaile bana kontratatuta, besteak beste, Hondarribiko II. Berdintasun Plana egiteko beharrezkoa den diagnostikoa osatu dute.
2024ko bigarren seihilekoan inkestak, formakuntzak eta talde-dinamikak egin dira, hala tokiko elkarte feministekin, nola udaleko langileekin ere. Aholkularitza enpresa batek gidatu du prozesu hori, ondoko urteetan garatuko dituzten politiken zutabeak izango diren honako lau ardatzetan oinarrituta: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, bidezko gizarte berdinzale baten antolaketa, eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak.
Inguruko udalerriekin alderatuta (Irunen bosgarren plana garatzen ari dira) atzerapen nabarmena daraman herriko berdintasun politiken plangintzan urratsak egiteaz gain, Berdintasun Sailak «aurten herriko eragile feministekin egitura sendoak sortzea eta lankidetza aktibatzea izan ditu» abiapuntu.
Indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta genero ikuspegia udal-kudeaketan txertatzeko premia identifikatuak zituen udal gobernuak. Eta ildo horretatik, mugarri nagusien artean, Berdintasun Plan berria garatzeko abian jarritako partaidetza-prozesua izan da. Udal Berdintasun Mahaia eratu dute, eta besteren artean, Emeki elkartea, Psilocybe, Juana Mugarrieta, Bilgune feminista, Jaizkibel konpainia, Irakurketa talde feminista, Caritas erakundeak parte hartu dute antolatutako bilera eta tailerretan. Era berean, udal langileak berdintasunean, genero ikuspegiarekin eta indarkeria matxistaren kasuetarako jardunean trebatzen hasi direla aditzera eman du udalak. Eta dagoeneko udaltzainei ere eman zaie prestakuntza.
Gainera, Hondarribiko Udalbatzak aho batez onartu zuen “Hondarribian indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko udal protokoloa” indarkeria matxistaren aurrean erantzun azkar, eraginkor eta koordinatua emateko funtsezko tresna izango da aurrerantzean. Eta 2024ko irailean, jaietako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio kanpaina indartu egin zuen udalak, Puntu Morearekin batera, arreta gunea abian jarriz (inauterietan ere aktibatu egin dutena), baita psikologo profesionalekin 24 orduko arreta telefonikoa ere.
"Oraindik bide luzea dago egiteko, baina Hondarribiko Udalak argi dauka berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko konpromisoari eutsiko diola."
Estitxu Urtizberea alkateordeak azpimarratu duenez, «20 urteko atzerapena darama Hondarribiak, eta oraindik bide luzea dago egiteko, baina Hondarribiko Udalak argi dauka berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko konpromisoari eutsiko diola». Aurrera begira, Berdintasun Planaren diseinu-faseari ekingo diote, diagnostikoan identifikatutako erronka nagusiei erantzuteko neurri konkretuak ezarriz.
Martxoaren 8a hurbil dela eta, Udalak dei egin die herritarrei berdintasunaren aldeko konpromisoa berritzera eta M8rako antolatutako ekintzetan parte hartzera. Emeki elkartearekin elkarlanean, jarduera anitzak prestatu dira, guztiak berdintasunaren aldeko borrokari ikusgarritasuna emateko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.