11 adingaberi eraso sexualak egiteagatik salatutako Hondarribiko surf irakaslearen kontrako epaiketa hasi da

Koldo Nausia 2025ko mar. 11a, 08:39

Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko kartzela-zigorra eskatu du 11 adingaberi sexu erasoak egiteagatik salatutako Hondarribiko surf irakaslearentzat. Akusazio partikularretako batek, aldiz, 290 urteko zigorra eskatu du. Biktimetako batzuk 9-10 urte zituzten erasoak gertatu zirenean. Baina 10 urte zeramatzan erasoak egiten, gutxienez 2011tik Ertzaintzak 2021eko abuztuan atxilotu zuen arte.

Atzo hasi zen 11 adingaberi sexu erasoak egiteagatik auziperatutako Hondarribiko surf irakaslearen epaiketa Gipuzkoako Lurralde Epaitegian. 11 biktimak izan dira deklaratzen lehenak, adingabeak direnez, ateak itxita hasi da epaiketa, eta gutxienez hilaren 21era arte luzatuko da. Biktimen testigantzak eta frogak aztertu ondoren, ustezko erasotzailearen deklarazioa prozesuaren azken egunetarako aurreikusita dago.

Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko kartzela-zigorra eskatu du surf eta skate eskolak ematen zituen 40 urteko gizonezkoaren aurka. Akusazio partikularretako batek, aldiz, 290 urteko zigorra eskatu du Hondarribiko surf eta skate irakaslearentzat. Biktimetako batzuk 9-10 urte zituzten erasoak gertatu zirenean. Baina jakin izan denez, 10 urte zeramatzan erasoak egiten, gutxienez 2011tik Ertzaintzak 2021eko abuztuan atxilotu zuen arte.

Salaketaren arabera, adingabeak ziren ikasle hauekin konfiantzazko harremanak sortzen zituen opariak eginez, eta haien gurasoekin ere zenbait kasutan harreman zuzena izaten zuen. Hondarribian jaso ohi zituen ikasleak, eta Landetara joateko ohitura zuen, egun bateko edo hainbat egunetako surf ikastaro eta txangoak egitera. Han erasotu ohi zituen bere biktimak, ukituak eta sexu harremanak izateraino.

Ertzaintzak 2021eko abuztuan atxilotu zuen, eta haur pornografiako 4.208 artxibo gordetzen zituen disko gogor bat topatu zuen ustezko erasotzailearen etxean. Atxilo hartu zutenean, Irungo epaitegi batek espetxeratzeko agindua eman zuen.