"Hondarribiko Bonoak" kanpaina martxan jarri zuen gabonetan Hondarribiko Udalak herriko merkataritza suspertzeko helburuarekin. Amuitz dendarien elkartearekin elkarlanean, gabonetan egindako 30 euroko gutxieneko erosketen truke, martxoan erabilgarriak izateko 10 euroko 4.769 erosketa-bono banatzeko erronka bota zuten. Horrela, udalak bideratutako euro bakoitzak, herriko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal batean gutxienez beste lau mobilizatzeko aukera eman zuten.
Azken momentuan antolatutako ekimena izan zela aitortu zuten udal ordezkariek orduan, eta formatu berria zenez, hobetu daitekeena aztertzeko tartea hartuko zutela ondoren. Halaber, abenduaren 17tik urtarrilaren 6 arteko kanpainan jarritako helburua ez zen guztiz bete. Guztira 2.520 bono banatu zituzten establezimenduek herritarren artean gabonetan ireki zen epealdian egindako erosketen truke.
Hala ere, udalak gogoratzen duenez, aurreko kanpainetan ez bezala, udalak dendariekin batera sustatutako kanpaina izan da, eta Bono Denda kanpainetan baino denda mota gehiago sartu ahal izan dute oraingoan. Izan ere, denda txikiak ez ezik, janari-dendak, ileapaindegiak, argazkigintza zerbitzuak edo tindategiak eta garbitegietan ere lortu ahal izan dira erosketa bonoak, kanpainaren onurak ahalik eta denda gehienetara heldu zitezen. Eta aldi berean, 400 metro koadrotik gorako komertzio establezimenduak kanpainatik kanpo geratu ziren.
Modu batean zein bestean, 10 euroko 2.520 deskontu txartelak erabiltzeko epea martxoaren 31n itxiko dute. Eta beraz, udalak hau aprobetxatzeko deia luzatu berri du, kanpaina oroitaraziz. Maria Carrera Amuitz elkartearen ordezkariak kanpaina abian jarri zenean aitortu zuen, merkatariek «halako ekimenen efektu biderkatzailea» eskertzen zutela. Izan ere, gabonetako erosketak herrian egiteko pizgarri izateaz gain, martxoan lagungarria delako. Normalean ez baita oso hilabete ona Hondarribiko komertzioan.
Gogoratu beraz, truke aldi honetan (martxoaren 31 arte), 10 €ko bonuak trukatu ahal izango direla gutxieneko 20€ko erosketa bakoitzeko. Eta 60€ko erosketa batean 10 €ko 3 bonu trukatu ahal izango direla.
Informazio eta xehetasun guztiak www.hondarribia.eus gunean topa daitezke.