Landa Garapeneko zinegotzi "Artzu"ko Gregorio Berrotaranek 1995ean Zuhaitz Eguna Hondarribian martxan jarri zuenetik hiru hamarkada iragan dira. Orduz geroztik 4.000 haur baino gehiago jaio dira herrian, eta haur jaioberri bakoitzaren izenean landatutako zuhaitzari esker, basoak sortzen joan dira herrian. Ekimen sinboliko honek 30 urte betetzen dituen honetan, Hondarribiko Udalak orain arte egindako landaketen inbentario moduko bat egin nahi izan du bere webgunean, orain arte landatutako zuhaitz eta eremuen informazioa digitalizatuta begirada bakar batean ikusi ahal izateko.
Bertako basoak sortzen
Garo Lekuona, Ingurumenerako zinegotziak azpimarratu duenez, ekimen sinbolikoa izatetik haratago, urte hauetan guztietan «bertako ekosistema berreskuratzea, eremu degradatuak lehengoratzea eta korridore ekologikoak sortzea» lortu du ekimen honek. Eta korridore berde horren irudiari lotuta, Zuhaitz Egunaren urtemuga honetarako "Haurtzarotik basoa berreskuratuz" leloa eta ikur bat ere plazaratu du udalak. «Bi zuhaitz eta urtxintxa bat erabili ditugu, urtxintxak basoa behar duelako zuhaitz batetik bestera mugitzeko», argitu du Lekuonak, «ekimen honen izaera kolektiboari garrantzia eman nahi diogulako, landaketa soilari baino, basoari».
Alde horretatik, 1995etik 2013 urtera bitartean, landaketak lerrokatuta eta jaioberrien izen-abizena zeramatzaten karteltxoekin egin izan ziren, haur eta familiek zuhaitzaren jarraipena egin zezaten errazteko. Aldiz, Zuhaitz Egunak izan duen garapena azpimarratu du zinegotziak. 2013tik aurrera landaketa modua ere aldatzen joan zelako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideei jarraituz, «landatzeko modua naturalizatzen joan da, bertako espezieekin osatutako basoak lortzeko, eta kolektibitatearen izaera indartuz joan da», dio Lekuonak.
Guadalupen hasi ziren lehenbiziko landaketak, gotorlekuaren atzealde osoa bete zuten arte. Ondoren Larrezuri inguruan jarraitu zuten, eta segidan Artzutik Portomokorako bidean. Azken urteetan, aldiz, Higer itsasargiaren aldera jo dute, eta 2019tik San Telmo inguruko eremu berean egin dira landaketak. Udalak bere webgunean plazaratu duen inbentarioaren atarian bezala, urte bakoitzeko basotxoa edota kinta bakoitzean landatutakoak aintzat hartu baitituzte oraingoan ere. «Urte berean jaiotako haurren basoak sortzen joan dira, horregatik garrantzi berezia eman nahi diogu kolektibitateari, haur jaioberri bakoitzak naturari egindako ekarpenari esker, bere zuhaitzak aurrera ateratzea lortu ote duen ala ez kontuan hartu gabe, basoak sortuko ditugulako».
Piramide demografikoaren irudiko
30 urteotan intxaurrondoak, gereziondoak, lizarrak eta ametzak landatu dira batik bat. Hasieran degradatutako eremuak edota zelai hutsak baliatu izan zituzten. Azken urteetan, aldiz, bertako ekosistemak berreskuratzeko helburuarekin bat eginez, aurretik egindako itsas-pinuen mozketa eremuetan hauek ordezkatzeko landaketak egin dituzte, ametzak landatuz. «Azken urteetan landaketa hauetako ametzen hazietatik sortutako zuhaixkak dira landatzen ari garenak, beraz, bigarren belaunaldiko landaketak direla esan daiteke», argitu du Garoa Lekuonak.
Belaunaldiak belaunaldi, badira hondarribiar ugari dagoeneko, jaioberriak zireneko zuhaitza edukita, haien seme-alaben zuhaitza landatzeko aukera izan dutenik ere. Baina 30 urteotan, ez da aipatutako landaketa modua izan aldatu den gauza bakarra. Kopuru aldetik ere, urtetik urtera apaltzen baitoa zuhaitzen kopurua.
Jaiotza-tasak nabarmen egin du behera. Horren irudiko dugu azken 10 urteetan landatu dituzten 1.100 zuhaitzen aldean, aurreko hamarkadan jaiotako 1.560 hondarribiarren landaketak, edota 1995etik 2005era bitartean landatutako 1.382 zuhaitzak. Nolanahi ere, guztira 4.042 zuhaitz gehiago dira orain artean Zuhaitz Egunari esker Jaizkibel mendian. Eta Lekuonak iragarri duenez, Hondarribian urte askotarako lekua dago oraindik.
Aurtengo landaketa
Aurten, momentuz, martxoaren 22an, iaz herrian jaio edo erroldatutako 93 haurrekin eta haien senideekin egingo dute 30. edizioaren ospakizuna San Telmo inguruetan. 2024. urtean jaiotakoen basoan ametz (Quercus pyrenaica) zuhaixkak landatuko dituzte, lehen pinudi bat zegoen tokian, azken bost landaketak egin diren eremuaren jarraipena egingo dute horrela.
Udalak gogoratu duenez, 11:00etan hasiko da zuhaitz landaketa, eta hau amaitutakoan (12:00etan) aurten 7 urte betetzen dituzten herriko seme-alabei Gregorio Berrotaranek abian jarri zuen ohitura gordeko dute, mendian ibiltzeko hurritzaz eginiko makila bana emango zaie, Hondarribiko xenda-bideen liburuxkarekin batera. Garoa Lekuonak berak idatziriko gutuna bidali die udalak zazpi urteko ume horiei gonbidapena luzatuz. «Egun oso polita izaten da, sinbolikoagatik, eta mendian egun pasa egiteko aukera ematen duelako askorentzat», azpimarratu du Lekuonak.