Turista taldeen masifikazioa mugatzeko araua kontsulta daiteke apirilak 8 arte

Antxeta Irratia 2025ko mar. 19a, 13:22

Hondarribiko Udaleko iragarki taulan publiko egin dute, 2024ko ekaineko udalbatzan onartu zenari jarraituz, bereziki Alde Zaharra eta Portuan bisita turistikoen «masifikazioak» eragiten dituen «bizikidetza arazoak» mugatzeko udal ordenantza. Udalak 25 lagunetara mugatuko ditu turista talde antolatuak.

Hondarribiko Udalak herritarren bizikidetzari, ondasun publikoen errespetuari eta espazio publikoaren garbitasun, okupazio eta erabileraren erregulazioari buruzko Udal Ordenantzan aldaketa bat egingo du. 2024ko ekainaren 27ko udalbatzan Abotsanitzek aurkeztu eta EH Bildurekin batera onartutako mozioaren arabera araua aldatuko dute. Orain udalak jakinarazi duenez, ohiko prozedurari jarraikiz, aurretiazko kontsulta publikoaren epea ireki dute martxoaren 19an, eta apirilak 8 arte espazio publikoaren Udal Ordenantzan turista taldeak mugatzeko araua kontsulta publikoa egin daiteke honako iragarki honetan

Masifikazio turistikoa

Abotsanitzek udalbatzan aditzera eman zuenez, turista talde antolatuen «masifikazioak» herritar eta bisitarien arteko «bizikidetzan» eragiten duela ohartuta, turista taldeak 25 lagunetara mugatzeko beharra defendatu du. Horrenbestez, bisita gidatuetan parte hartzen duten turistek Alde Zaharra eta Portua auzoetan herritarren egunerokoa sobera oztopa ez dezaten, erregulatu beharra ikusten du udal gobernuak.

Hondarribia herri turistikoa denik ezin ukatu daiteke. Aste Santuko kanpainaren atarian gauden honetan, Bidasoa Bizirik garapen agentziak udazkenean plazaratu zituen joan den udako kanpainaren datuen arabera, herriko hotelen okupazioa ia %100era iritsi zen 2024ko udan, 2023ko uztailan eta abuztuan baino bi puntu gehiago. Era berean, herriko turismo bulegoetan 10.134 bisitari jaso zituzten bi hilabete horietan, horietariko 5.544 Arma Plazan eta Portuko bulegoan beste 4.590 lagun. 

Aldiz, udal gobernuak araua aldatzeko argudiatu duenez, «garai bateko agintariek bilatutako hiri-ereduak gainezka egin du herrian, hondarribiarren eta turisten arteko bizikidetzan eragiteraino». Hortaz, neurriak hartu eta erregulatu nahian dabil azken aldi honetan. Izan ere, Abotsanitzek mozioarekin batera argitu zuenez, Alde Zaharra eta Portua auzoetan 40tik gorako talde turistiko antolatuak bildu ohi dira, eta «masa turistiko horren ondorioz» kaleetatik ezin pasa eta norbere etxeko atarira ezin sartu ibili diren hondarribiarren kexuak jaso ditu udalak. Gaineratu dutenez, masifikazio hori udaletxera ere iritsi da. Bisitariak udaletxe barrenera eta udal areto nagusiraino sartu izan baitira, «bere etxeetan egongo balira bezala, eta inongo begirunerik gabe».  

Hau guztiagatik, espazio publikoaren ordenantza sortzeko prozesuari ekin diote. Arauaren aldaketaren xehetasunak herritar ororen esku daude udalaren atarian.