2018tik Hondarribian seigarren aldiz ospatzen den Muxiko Eguna aurkeztu dute gaur Arma Plazan. Ortzi Alonso, Hondarribiko Kultura zinegotziak udalak halako ekimenak ezinbestean babesten dituela aditzera eman du, «euskal kulturaren erreferente bat direlako, eta Euskal Herriko hainbat dantza elkarte topatzen direlako herrian». Izan ere, jauziak edo mutxikoak euskal dantza zirkular kolektiboak, hankak bakarrik mugiarazten ditu. Baina jende anitz bildu dezakeela erakutsi du azken urteetan Zumardikoak eta Lagun Artean elkarteek Hondarribian antolatutako ekimen honetan.
Izan ere, bereziki Ipar Euskal Herrian dantzatzen dira, hainbat dantza elkarte topatzen direlako bertan. Horien artean 1996ean sortutako Hendaiako Mutxiko elkartea. Baina gure geografia osoko plazetan topa ditzazkegu muxikoak, eta herriaren arabera ezberdin dantzatzen dira. Izan ere, 50 dantza baino gehiago katalogatu dira, zazpi jauziak, hegi, ostalerrak, katalan, lapurtar motzak, baztandarrak, xibandiarrak, azkaindarrak edota ainhoarrak besteren artean. Eta pausoek ere izen bereziak dituzte, hala nola; aintzina, erdizka, zote, dobla, lau urrats, pika-pika ezker, pika eskuin, erdizka eta hiru, ebats, luze eta ebats, kontrapasa, zeina, ezker-hiru, eskuin-hiru, ezker airean, ebats eta hiru eta zote eta hiru... herrika ere, urratsen izenek hainbat aldaera dituzte.
Udal ordezkariak aurtengo edizioa berezia izango dela gogoratu du, Zumardikoak elkarte antolatzaileko presidente zen Jose Ramon Mutuberriaren heriotza presente baitute herrian. Joan den martxoan Artzu inguruetan emandako sutea itzaltzeko ahaleginetan zendu baitzen.
Egun osoko ospakizuna
Zumardikoak elkarteko Jaizkibel Tovar eta Ixabel Olazabal, eta Lagun Artean elkarteko Patxi Lazkano eta Izaskun Muñoak aurkeztu dute apirilaren 13an ospatuko duten aurtengo egitaraua. Jaizkibel Tovarrek udalaren laguntza eskertu du, eta igandean goizeko 11:30ean Damarri plazan hasi eta Kale Nagusitik Arma Plazara joango direla argitu du. Bertan Oinkada taldearen dantzaldia izango da, eta ondoren Hondarribiko Erraldoiak dantza bat egingo du. Alde Zaharretik Portua auzora joko dute gero, San Pedro kalean dantza eta poteo batekin. Eta Hondartza kiroldegian bazkalaurrekoan talde argazki bat egingo dute.
Ardora jatetxea itxita badago ere udalak bazkaria bertan egiteko baimena eman diela argitu du, eta katering enpresa batekin egingo dute 367 lagunentzako. Izen-emateak azkar joan dira eta ez dago leku gehiagorik. Aldiz, arratsaldean kiroldegian bertan dantza egiteko aukera emango diote nahi duen orori.