Ibrahima Balderen istorioa kontatzen duen Miñan liburuan oinarritutako antzezlana Hondarribiko Itsas Etxera helduko da igandean, 19:00etan. Duela bost urte idatzi zuen Amets Arzallusek Ibrahimak ahoz kotatutakoa, eta Susa argitaletxearen eskutik dagoeneko 23 edizio plazaratu dituzte. Ondoren, antzerki obra bat egiteko aukera sortu zitzaien Artedrama konpainiaren eskutik. Eta joan den urrian Luhuson (Lapurdi) Harrixuri gelan estreinatu ondoren, azaroaren 3an Hendaiako Mendizolan kulturgunean taularatu zuten, eta biran ari dira Euskal Herri osotik.
Heldu den maiatzaren 24an Irungo Amaia kultur zentroan ere ikusi ahal izango dugu bidasotarrok. Baina aurretik Hondarribian aukera paregabea dugu apirilaren 13an, 6 euroren truke.
Bidasotik mundura
Oihartzun haundia bildu du Miñan liburuak nazioartean migrazio baten kronika delako, 2019an Ibrahima Balde konakryatarrak eta Amets Arzallusek idatzia. Ander Lipusek ekarri du antzokira, eta egiazko istorio bat den heinean, zaila izan dela aitortu digu zuzendariak. «Aurretik ere egiazko istorioak kontatu izan ditut fikzionaturik, baina hau gai delikatua zen. Egiazkoa zelako, eta liburua jende askok irakurri eta ezagutzen duelako. Hala ere, lortu dugu muinean bilatzen genuena», dio zuzendariak.
Artedramaren eskutik oholtzara ekarri dute lan berezi hau, aurretik Timberlake estatubatuarrak ingelesezko bertsioa taularatzeko asmoaren berri jakin zutelako. Lipusek argi izan zuen hasieratik, «istorioa jatorriz euskaraz sortuta izanik, euskaraz plazaratu behar zen antzokietan ere». Amets Arzallusek berak ere ez zuen pentsatzen, antzokitaraino iristeko moduko hainbeste hari izango zituen obra zenik. «Oraindik ere harridura pittin bat ere sentitzen dugu, baina poza ekartzen du adaxka berri honek ere», dio hendaiarrak. Alde horretatik, Ibrahimaren istorioak Euskal Herri osoan zehar ez ezik, munduko txoko askotan bihotzak hunkitu ditu, «gure egunerokoan presente dugun eta gure bizitzak zeharkatzen dituen migrazioaren errealitate gordina delako».
Proposamen honekin etorri zitzaizkienean ez zuten zalantza askorik izan. Ametsek eta Ibrahimak baimena eman zuten antzerkia sortzeko. Arzallusek berak aitortu digu hurbiletik jarraitu duela antzerkiaren sorrera proiektua, baina ez duela gehiegi esku hartu nahi izan. «Galdetu zidaten eta abiapuntu batzuk eman nizkien, gero jarraitu dut prozesua, baina libertadea izan dute obra sortzeko, ni ez naiz antzerkian aditua, hori beraiek dira», argitu du.
Taula gainean, aldiz, Eiara Irazusta, Sambu Dihabi eta Mikel Calle dira Ibrahimaren istorioa kontatzen dutenak. Haiekin ere hitz egin dugu albisteari lotuta entzun dezakezun ondoko erreportaian.
Hondarribiko emanaldia, apirilaren 13an (19:00) izango da, eta sarrerak 6 eurotan eskura daitezke Arma Plazan eskura edo kutxabanken internet bidezko salmentan (7,09 eurotan). Oraindik ere lekuak badira. Bestela, esan bezala, Irunen ere aukera izango duzue udalak Euskaraldiaren kultur agendarekin bat eginez maiatzaren 24an Amaia Kultur Zentroan programatu baitu.