Minibusarekin, hondarribiarren %62k etxetik 150 metrora geltokia izango du eskura

Koldo Nausia 2025ko api. 24a, 11:33

MUGI sisteman integratua, 7,1 kilometroko ibilbidea eta 18 geltoki izango dituen hiri-barneko autobusaren kontratazioa onartuko du udalbatzak gaur. Udal talde politiko guztiek babestuko dutela iragarri dute. PSEk proposatu zuen 2014an aurreneko aldiz, eta Mugikortasun Mahaiak 2017an aztertzen hasi ondoren, EAJk 2021ean espedienteari hasiera eman zionetik, oztopo administratibo ugari izan dituen proiektua martxan jarriko du udalak azkenik.

2017ko abenduan aurreneko aldiz bildu zen Mugikortasun Mahaiak, Hondarribian minibus zerbitzu bat martxan jartzeko proiektua aztertu zuen. Ideia bizpahiru urte lehenago proposatu zuen Iosu Alvarez zinegotzi sozialistak aurreneko aldiz. Eta urteen joan-etorriarekin zenbait urrats eman izan ditu udalak, baina garai haietan Kalixa Silanes arloko zinegotziak bultzatutako proiektua motel joan bada, kontratazioaren baldintza pleguak zehaztu eta apirilaren 24ko udalbatzan kontratazioa onartu ondoren, 2025 honetan martxan jartzea espero du udal gobernuak.

EAJ udal taldeak iragarri duenez baiezkoa bozkatuko du udal osoko bilkuran, eta aspaldiko urtetan jeltzaleek landutako proiektua dela gogoratu dute. Hala ere, hiri-barneko autobus zerbitzuak aurreikusten duen ordu erdiroko maiztasuna beharrean, 20 minutuero izan dadin eskatu du EAJk. Mementuz, autobus bakarra izango da, ibilbide zirkularrean etengabe ariko dena. Alde horretatik, jeltzaleek 2023ko udal hauteskunde kanpainaren herri programan zeraman proiektua da ere, eta Gonzalo Carrion bozeramaile jeltzaleak orduan erregai alternatiboko minibus ekologiko bat aldarrikatu zuen, «elektrikoa ala gasezkoa probatu eta gero, egokiena zein den erabaki» behar zela gogoratuz.

Hiri-barneko autobus zerbitzuaren ibilbide egokiena erabakitzeko ere, hainbat proba egin izan ditu udalak azken urteetan, maiztasuna zehazteko ez ezik, ahalik eta herritar gehiengana iristeko ere. Hondarribiko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak (HMJP) aurreikusitako hainbat datuetan oinarritu dira zerbitzua antolatzeko. Akartegi, Portua, Puntala, Alde Zaharra eta Zimizarga auzoetan erroldatutako biztanleriaren %70 baino gehiago bizi dela, baina gainerako auzoetako bizilagunei ere zerbitzu eman beharra zegoela kontuan hartuta, egindako azterlanaren arabera, 150 metroko distantzian (3 minutu oinez) linea berriak aurreikusten duen ibilbidean 6.719 biztanle eragingo ditu, eta lehendik martxan zeuden Ekialdebus lineak gehituta, 10.345 hondarribiarrek izango dute etxe ondoan autobus geltoki bat, garraio publikoan herrian mugitu ahal izateko. Hau da, herritarren %62.

Garraio eraginkorra, baina proiektu motela

Aurreko urteetako lanketak egin ondoren, ez zen 2021eko ekainaren 24ko oso bilkura arte, espedienteari hasiera ematea erabaki zenean, hiri-autobus zerbitzua abian jartzeko prozesua martxan jarri. Haatik, agintaldi honetan eman dio udalak proiektuari azken bultzada, administratiboki gauzatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zerbitzua MUGI sisteman integratzeko baimena lortuz, eta udalak halako garraio zerbitzu kolektibo bat eskaintzeko eskumena lortzeko urrats administratiboak emanez.

Hiri-barneko autobus zerbitzuak izango duen ibilbide eta geltokien planoa.

2024ko abenduko udal osoko bilkuran hiri-autobusaren zerbitzua ematea justifikatzen zuen memoria, bideragarritasun ekonomikoaren azterketa eta merkatuaren azterketaren behin betiko onarpena egin eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 2024ko irailaren 26ko udalbatzan hiri autobus zerbitzua martxan jartzeko akordioa onartu zuten. Aipatutako bideragarritasun azterlana Endara Ingenieros Asociados S.L. enpresak egin zuen, eta zerbitzuak beste garraio publikoekin intermodalitatea sustatzeko ordutegiak egokitzeko beharra zehazteaz gain (Foru kalean, Donosti kalean, Itsas Etxean eta Minasoroetako geltokietan Ekialdebusekin lotura egin ahal izango baita), Hondarribian hiri-barneko zerbitzuak izango duen eragina ere aztertu zuten. Gogoan hartuta, herri barneko desplazamenduen %40 auto pribatuz egiten dela gaur egun, eta mugikortasun jasangarriaren irizpideak jarraituz, gehienez ere %20koa beharko lukeela izan.

Gaurko udalbatzan onartuko dute azkenik, hiri-barneko autobusaren kontratazioa. Eta dirudienez, udal talde politiko guztien babesa lortuko du proposamenak. Norberari berea aitortuz, Abotsanitz eta EH Bilduk udal gobernuan mugikortasun jasangarriaren alde hartutako konpromisoez gain, eta Abotsanitzek mugikortasun jasangarriaren alde azken urteetan egindako lan eskerga handiaz harago, minibus baten sorrera PSE-EE udal taldearen aldarrikapen historikoetako bat izan baita Hondarribian. Sozialistek halako proiektu bat martxan jartzeko proposamena 2014 urtean egin zuen aurreneko aldiz, eta beraz, «azken lau agintaldietan egindako eskaeretako asko jasotzen dituen proiektua aurrera eramango dela ospatu» egiten du PSEk. Sozialistek aurreratu dutenez, autobus zerbitzu berria MUGI sisteman integratua egotea oso garrantzitsua da.