Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak Hondarribiko Erdi Aroko Pintxoaren Asterako eta 2025eko Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketarako deia egin du.
Hondarribiko ostalaritza establezimenduetan lan egiten duten profesionalek parte hartu dezakete lehiaketan, eta apirilaren 30ean itxiko dute izena emateko epea. Aurtengoan bi kategoria antolatu dituzte, Erdi Arko Pintxoaren Astean Herritar Sariarena batetik, eta Erdi Aroko Pintxorik Onenaren Saria bestetik. Bigarren sari honen irabazlea izango da Erdi Aroko Hirien Sareak Siguenzan (Guadalajara) urrian antolatuko duen Erdi Aroko XVII. Pintxo eta Tapen Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duen Hondarribiko ordezkaria. 2024ko edizioan, Hondarribiko Gran Sol ostatuko Iñigo Tizon sukaldariak ordezkatu zuen Hondarribia lehiaketa horretan, "Sarandonga" izeneko pintxoarekin. 500 euroko lehen saria eskuratu zuen Gran Soleko sukaldeak bertan, hirugarrenez lehiaketa horretan.
Hondarribi mailako lehiaketa nagusiaren sari ekonomikoa, 300 eurokoa izango da, eta profesionalek osatutako epaimahai batek hartuko du erabakia. Herritarren Saria, aldiz, 200 eurokoa izango da, eta lehiaketan parte hartuko duten establezimendueta bezeroek kontsumitutako pintxoari emandako botoaren arabera erabakiko da. Udalak argitu duenez, bozka emango duten bezero guztien artean ere, zozketa bat egingo da. Eta ostatu edo jatetxe irabazleak 50 eurotan baloratutako pintxo eta edari dastaketa bat eskaintzera konprometitzen da.
Sukaldarientzat pizgarri
Amerika deskubritu aurretik Europan ezagutzen ez genituen tomatea, dilista, azukrea, azenorioa, txokolatea, zaintxuria edota hainbat zereal eta fruta ezin dituzte erabili sukaldariek lehiaketa honetan. Erdi Aroan eskura genituen produktuak besterik ez. Haientzat erronka bada ere, Hondarribiko hiria nazioarte mailako Erdi Aroko Pintxo eta Tapa Lehiaketan ordezkatzeko aukeraren pizgarriak bultzatu izan ditu azken hamasei urteotan herriko sukaldariak parte hartzera.
Alde horretatik, iazko edizioa urtetan izandako parte-hartzerik apalenekoa izan zen, eta udalak herriko sukaldariak animatu nahi ditu ekainean Erdi Aroko Azokaren baitan urtero antolatzen den lehiaketan parte hartzera. Urterik oparoenetan 20 bat izan ziren bitartean, 2023an 12 sukaldarik besterik ez zuten parte hartu. Eta iaz, zazpi besterik ez ziren lehian sartu: Enbata, Gran Sol, Hondar, Tatapas, Mika, Andire eta Badia taberna.