Mementoz 900 lagunetik gora izena eman dute maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian Ahobizi ala Belarriprest gisa Hondarribian, baita 121 entitatek ere. Izena eman eta txapa eskatzeko epea ez dute maiatzaren 15ean itxiko, eta 2022ko edizioan 1.736 lagunek eta 160 eragilek parte hartu bazuten ere, oraingo honetan "Euskarari ximiko!" egiteko martxoaz geroztik antolatutako makina bat hitzorduetan ekimen honen benetako helburua lortuko dutelakoan dago Igor Arrieta: «kontzientziak astintzea da helburua, eta herrian euskara egiten ez duenak, 11 egunez egin ondoren, euskaraz bizi, gozatu, maitatu daitekeela ohartzea».
Hondarribiko Euskaraldiaren dinamizatzaileak oroitarazi duenez, oraindik ere bere txapa berria jaso ez duenak hiru aukera izango ditu. Matxin Artzu kaleko turismo bulegoan, astelehenetik larunbatera, 10:00-13:00 eta 16:00-18:30 ordutegian, Euskara Zerbitzuko udal bulegoan astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00ra. Edota Kasino Zaharrean hilaren 15ean egingo den Txapa Jartze ekitaldian. Ekimen kolektibo hau antolatu dute 18:00etan, eta Arrietak azaldu digunez, ondoren kalejiran Alde Zaharra eta Portua auzoko tabernetara hurbilduko dira, eta Mintzodromo Ibiltaria ere proposatu dute Euskaraldiaren irekiera egunean, Mintzalaguna taldeko euskara ikasleek parte hartuko dute bertan.
Hilaren 15ean ere, Miren Agur Meabek hitzaldia eskainiko du. Eta hurrengo egunetan hitzordu andana bat proposatzen badute, maiatzaren 23tik 25erako asteburua izango da euskarari kalean ikusgarritasuna emateko puntu gorena. Izan ere, maiatzaren 23an Hondarribia Dantzan jaialdiarekin batera, Kemen dantza taldeak Otsagabiako dantzariekin emanaldia egingo du 19:00etan Santiago kalean. Eta hilaren 24an Gamazada Makiljoko ikuskizuna proposatuko du Ortzadar dantza taldeak 19:00etan Arma Plazan. Maiatzaren 25ean borobilduko dute dantza asteburua, Dantzari Txiki Eguna ospatuko baitute 11:0etatik kalejirarekin hasi, Arma Plazako dantza saioarekin jarraituz, eta Soroetan 16:00etan egingo den erromeriarekin.
Hala ere, hilaren 24koa izango dute egun handia, oro har, Portuan barrena Erromeria Ibiltaria egingo baita 12:00etan. Eta Madalena plazan herri bazkaria egin ondotik (txartelak 15 eurotan Basque, Branka, Itxaropena eta Ttopara tabernetan salgai), 16:00etatik gauerdira Euskaraoke Herrikoia ospatuko dute, Euskaraldiaren baitan antolatutako ekimen parte-hartzaile kolektiborik handiena. Arrietak argitu digunez, joan den igandean itxi zuten bertan izena emateko epea, eta guztira 60tik gora pertsona eta taldek izena eman dute; ikastetxeetako ikasle, irakasle, guraso eta kuadrillak animatu dira abestera.
Hortaz, txapa soinean jantzi eta "Euskarari ximiko" lelopean, egitarau oparoa izango da datozen egunetan Hondarribian.