Hondarribiko Udaleko Nekazaritza eta Kultura eta Herri Nortasunerako departamentuetatik ekitaldi sorta antolatu dute ostegun honetan San Isidro Eguna ospatzeko.
Goiz osoan zehar elikadura azoka egongo da Guadalupeko santutegiaren inguruetan. 11:00etan ohiko meza izango da, eta 11:45ean prozesioa eta zelaien bedeinkapena egingo dute goiko zabalgunean dagoen gurutzean.
Programazioan zehaztu dutenez, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolarien partehartzearekin hasiko da eguerdiko animazioa, eta 13:00an herri kirolen txanda iritsiko da, aizkolariekin eta Iparraldeko jokoekin. Jarraian herriko nekazari eta baserritarrek ospatu ohi duten herri bazkaria egingo da.