Ardorak arraien presentzia bezala, historiak agerian uzten du “Hondarribia Itsas Herria” dela. Ideia horretan sakontzeko topaketa antolatu du bigarren urtez Hondarribiko Udalak. Herriaren iragana eta oraina zizelkatu duen itsasoarengandik jasotako ondarea gorde, eta aurreko belaunaldien bizipenak eta kultura egungo hondarribiarrei transmititzeko helburua dute, eguneratuta bada ere, baina itsas-herri izaten jarrai dezan. Maiatzaren 15etik 17ra dokumental, hitzaldi, erakusketa, eta itsas-ondare proiektuen aurkezpenez gain, itsas kresalaren zaporea alboratu gabe kultur hitzordu ludikoagoak ere antolatu dituzte. Programazio osoa hemen.
Hondarribiak itsasoarengandik bere historian jaso duen ondarea balioan jartzeko erronkarekin hasi ziren honakoa antolatzen. Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak dio «gaur egun teknologia eta garai berriei egokitu bada ere, itsas jarduera herri identitatearen, hondarribiarron nortasuna, historia eta kulturaren parte den heinean, gordetzeko beharra» dagoela.
Gesal zaporea duen egitaraua
Dibulgazio lan horri lotuta, maiatzaren 15ean 20:00etan Eider Arruti, Mutiozabal ontziolaren zuzendariak "Emakumeak arrantzan, itsas ondarearen ezkutuko errealitatea" hitzaldia emango du Itsas Etxeko auditoriumean. Eta hilaren 16an, 19:00etan hasita, "Islandia 1.615: Euskal arrantzaleen patua" hitzaldia aurkeztuko du Xabier Irujo, Nevada (AEB) Unibertsitateko katedradunak, XVII. mendean Islandian balezale euskaldunak akabatzeko legea onartu zeneko istorioan sakontzeko. Ondoren, Inaxio Igosen "Hondarribiko Barkuak" lanaren aurkezpena egingo du 20:00etan.
Ortzi Alonsok azaldu duenez, urte luzetan herriko arrantzontzi eta barkuen inbentario sakona egin eta gero, liburu bat egin eta argitaratu beharra zegoen. Arma Plaza Fundazioaren eskutik lortu dute, eta «herriko arrantzaleen eta barkuak datu eta xehetasun guztiekin betirako gordeak utziko ditu lan mardul honek». Ostiraleko jardunaldia dokumental batekin borobilduko dute, "Beti Mesias, egun bat Itsasoan 1.985" izenekoa, 20:30ean.
Larunbateko programa, aldiz, ludikoagoa izango da. «Ezagutu, ikasi eta hausnatu ondoren, gure planteamendua izan da itsas-kulturaz gozatu ahal izatea», argitu du Alonsok. Alde horretatik, Zumardiko Piruen parkean 10:00etatik 13:00ra Itsas Modelismo erakustaldia izango da, eta Madalen plazan 12:00etan hegamotzaren mozketa edo ronkeoaren erakustaldia eta parriladaz gain, sasoikoa den bertako antxoa dastatzeko aukera ere izango da. Arratsaldean, ordea, 17:00etan "Izugarria" erraldoi konpartsak kaleak animatuko ditu Zezen plazatik Kai Zaharrera, eta bertan egingo den zinga eta batelen erakustaldiaren ondoren, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da Portua auzoko kaleetan. Sare Konpontzaileen plazan borobilduko dute asteburua, 22:00etan Itoiz taldearen tributu egiten duen Foisis taldearen kontzertuarekin.
Amuteko azken gabarra
Baina egitarau oparoa bada ere, larunbatean, hilak 17an 11:30ean Itsas Etxearen kanpoaldean egingo dute Gabarraren aurkezpena azpimarratu du Ortzi Alonsok. Jaitzubiako Maddi Aginagalde antropologoak egingo du aurkezpena, eta Antxeta Irratiak gaur izan du Amuteko azken gabarra bertatik bertara ikusteko aukera. Izan ere, hainbat hautetsik lagunduta, Arraun Elkartetik Itsas Etxera eraman dute lehorretik, gurpilen gainean bultzatuta.
Kultura hautetsiak argitu duenez, Amuten erdi hondoratuta zegoen azken gabarra maiatzaren 17an aurkeztuko diote herriari. Baina lanketa luze bat egin dute azken bi urteetan. «1912. urtean eraikitakoa Olasagasti familiak dohaintzan eman zion udalari duela bi urte, eta Zumaiako aroztegi batean birgaitu ondoren Santa Engrazia inguruetan kokatu nahi, baina horretarako lekua egokitu, eta gabarra babesteko estalpe bat ere egin beharko da», azaldu digu Alonsok.
Mementoz, herriko itsas-ondarea balioan jarri nahian, berreskuratutako ontzia jendaurrean aurkeztuko dute Hondarribia Itsas Herria topaketan. «Eskerrak garaiz iritsi ginela, Amuten erriyuan usteltzen ari baitzen, eta gabarrarien historia zer izan zen gordetzeko aukera izango dugu orain, eta zabaldu», dio.
Izan ere, udalaren asmoa da, aurrerantzean eskolartekoei ere bisitak proposatu eta Hondarribiko ibai, erreka eta paduretan garai batean garrantzi handikoak izan ziren gabarrak ezagutzara ematea. «Paradoxikoa da, baina Hondarribia Itsas Herria bada ere, arrantza eta Kantauri Itsasoa dugu batetik, baina bestetik Hondarribiak badu landa eremu eta baserria ere, eta bien arteko lotura egin izan du gabarrak Amute eta Jaitzubiako itsas-adarretan», azpimarratzen du Kultura ordezkariak.