Hondarribia Baltsan kirol inklusiboaren ekimena ospatuko dute igandean bigarrenez

Antxeta Irratia 2025ko mai. 16a, 12:07

ATZEGIko 130 erabiltzaile kirol diziplina ezberdinetan trebatzeko aukera izango dute Hondarribia Baltsan ekimenari esker. Maiatzak 18an, igandean, goizean herriko kirol elkarteen laguntzarekin arrauna, surfa, futbola, pala eta mendi ibilaldi bat ere egin ahal izango dute, eta Soroetan 250 lagunentzako bazkari batekin borobilduko dute Soroetan.

Kirol jardunaldi berezia ospatuko dute bigarren urtez, ATZEGI fundazioaren eta Hondarribiko hainbat kirol elkartek antolatutako kirol inklusiboko Hondarribia Baltsan jardunaldian. ATZEGIko 130 erabiltzailek kirol diziplina ezberdinak probatzeko aukera izango dute, eta herriko kirol elkarteetako kirolariekin batera arituko dira igande goizean kirol jardun ezberdinetan.

Iazko eskemari jarraipena emanez, arraunean Hondarribia Arraun Elkartean, surfean HS2 elkartearekin, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteak antolatutako mendi ibilaldian, futbolean Hondarribia Futbol Elkartearekin edota palan Hondarribia Pilota Eskolarekin ariko dira. Eguna borobiltzeko, Soroetako frontoian 250 lagunentzako bazkaria egingo dute, kirola, inklusioa eta elkar ezagutzea helburu dituen jardunaldi eder honetan. Josu Peña Udaleko Gizarte Kohesiorako zinegotziak ekimen honi jarraipena emateak duen garrantzia nabarmendu du. «Udal honek herrigintzan sinisten du eta hala sortu da ekimen hau, herritar talde batek jardunaldi inklusibo bat antolatu nahi zuen, eta babestu baizik ezin genuen egin», adierazi du.