Hondarribiko aireportuak azken bi urteetako bilakaera ona apurtzen ari da. Inoiz egindako bigarren martxoko hilabeterik onena egin zuen, baina udaberria ez du ondo hasi. AENAk emandako datuen arabera, 37.394 bidaiarik erabili zuten aerodromoa joan den martxoan, 2024koarekin alderatuta %8,4ko hazkundearekin. Eta 2008tik ez zuen halako erabilera daturik lortu. Airelinea eta helmuga berriak gehitzeak igoera horretan eragin zuzena izan duela nabarmendu izan dute.
Alde horretatik, hegazkin konpainien eskaintza zabaltzen ari da Hondarribian. Madrilgo (Iberia) eta Bartzelonako (Vueling) ohiko hegaldiez gain, Las Palmaseko (Binter) eta Londresko Cityflyer-British Airways konpainiek ere euren zerbitzuari eutsi diote. Horretaz gain, martxoaren amaieran Binterrek Tenerife Iparraldearekin zuzeneko konexioa berriro martxan jarri zuen. Eta joan den apirilean, Voloteak bere jarduna indartu du. Malaga eta Sevilla helmuga gisa berrabiarazi ditu, eta horiei Palma de Mallorca eta Menorca gehitu zaizkie. Hala ere, aurreko urtean ez bezala, Valentziarako zuzeneko hegaldirik ez dago.
Dinamika positiboa apurtu da
Haatik, azken bi urteetan zifra historikoak egin ondoren, 2025 honetan beherakada jaso du aireportuak. AENAk jakinarazi duenez, aurtengo apirilean 39.787 bidaiari igaro dira Hondarribiko aerodromotik. 2024 urteko hil berean baino %8,5 gutxiago. Aireratze eta lurreratzeei dagokienez tendentzia bera errepikatu da. Izan ere, 2025ean 492 operazio izan dira, iaz baino %8,2 gutxiago.
Bestalde, urteko datu metatuari erreparatuz gero, aireratze eta lurreratze gehiago izan badira ere (%1,3 gehiago), bidaiari kopuruak behera egiten jarraitzen du. 2025ean 133.066 bidaiari igaro ziren Hondarribiatik epe berean, 2024an baino %1,8 gutxiago.
Aireportuaren kudeatzaileen arabera, aldiz, ez da beherakada nabarmena. Are gehiago aurreko bi urteetako bilakaera zein izan den kontuan hartuta. Izan ere, bere historiako urterik onenetakoa osatu zuen iaz aireportuak 474.140 bidaiarirekin, eta 2024an ekaina arte hilabetez hilabete marka guztiak apurtu zituen arren %4,9ko hobekuntza akumulatuarekin, joan den uda ez zen aurreikusi bezain ona izan. Azkenean, 2023an baino %1,8 gutxiagorekin itxi zuen urtea. Kontuan hartu beharra dago, 2024ko uztailaren 30a arte Eskoziako Edinburgora zerbitzu berria martxan izan bada ere, 2023ko uztailarekin alderatuta %5,1 egin zuela behera aireportuaren erabiltzaile kopuru orokorrak, 49.533 bidaiarirekin. Eta abuztuan aurreko urtean baino 3.000 bidaiari gutxiago jaso ondoren, %12 gutxiago, udazkena eta urte amaiera ere kaxkarragoak egin zituela.
Horiek hala, joan den martxoan (Reala-Manchester United partidari esker) gorakada nabarmena jaso bazuen ere, oro har, 2024ko uztailaz geroztik okertzera egin du aireportuaren dinamikak.