Hondarribiko San Marko parkearen proiektuaz informatu eta iritzia emateko bilera irekia gaur

Antxeta Irratia 2025ko mai. 19a, 10:17

Joan den astean hondeamakinek San Marko parkea arraberritzeko lanak hasi eta oposizioko taldeek gogor kritikatu dute udal gobernua, aurreikusitakoak zirenak baino «lan inbaditzaileagoak» egiten ari direlako. Udalak informazio bilera irekia antolatu du gaur 18:00etan udaletxean, «20 urteko abandonua eta gero, berritze proiektuari buruz herritarren iritzia jasotzeko». Udalak argitu duenez, parkearen irisgarritasuna hobetu eta landaredia babesteko helburua du. 

Hondarribiko Udalak San Marko parkeari buruzko bilera irekia antolatu du, gaur 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Joan den astean hasi zituzten San Marko parkea berritzeko lanak, eta hondeamakinak sartu orduko, Hondarribiko EAJk gogor kritikatu du Abotsanitzen jokamoldea proiektu honi dagokionez. Oposizioan zegoenean, 2021ean prozesu parte-hartzaile bat egiteko eskatu zuela diote jeltzaleek, baita azterketa biologikoa eta paisajistikoa ere. Duela zenbait hilabete, azterketa serio bat egiteko eskatu zutela oroitarazi du EAJk, eta salatu dutenez, ez da halakorik egin. Hortaz gain, hondeamakinek hasieran adierazitakoa baino «lan inbaditzaileagoak» egiten ari direla salatu dute. PSE-EE udal taldeak ere, lehen esku hartze horietan, sozialisten ustez «balio arkitektoniko handiko putzu» bat suntsitu izana leporatu dio udal gobernuari. 

EAJ eta PSE-EE udal taldeek hondeamakinek parkearen hainbat elementu suntsitu dituztela salatu dute. 

Udal gobernutik, aldiz, egin beharreko azterketak eginak irisgarritasuna hobetzeaz gain, bertan dagoen zuhaiztia eta landaredia babesteko helburua adierazi du. «20 urteko utzikeriaren ondoren oso egoera kaxkarrean dago parkea, eta ez ditu irisgarritasun neurriak bermatzen», dio Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak, «herriko puntu beltz gisa identifikatua dugu, eta parkea txukundu beharra dago». Bestalde, bertan dagoen landarediaren azterketa egin dutela dio, «balio handiko zuhaitzak daude, besteak beste Himalayako zedro bat», argitu du udal ordezkariak. Hau mantendu eta babesteko neurriak hartuko dituztela aditzera eman du. 

Alde horretatik, irisgarritasuna, puntu beltza dela eta gorde beharreko balio naturala proiektuaren ardatz nagusiak izango badira ere, udalak bertan aurrera eramango dituen lanei buruzko informazio bilera irekia antolatu du gaur, maiatzak 19, udaletxeko areto nagusian 18:00etan. Urtizbereak esan duenez, «udalak bertan egin asmo dituenak azaldu eta herritarren iritziak biltzeko balioko du bilerak».