Hondarribian herriko kultur-aniztasuna ospatu nahi dute. Horretarako heldu den igandean Afrika Eguna ospatuko dute aurreneko aldiz. Mankosengal elkarteak eta Euskal Herrian bizi diren emakume sahararrek antolatuta, ekimenaren helburua emakume afrikarren eskubideak ikusgarri egitea da, ikuspegi dekolonial batetik eta kulturarteko elkarrizketaren bidez.
Igandeko jaialdiak tailerrak, musika, kale-ibilbidea eta gastronomia tradizionala uztartuko ditu. Baina joan den astelehenean hausnartzeko beta ere eman dute, antolatutako “Ahizpatasun-sareak eta lidergo feminista Afrikako emakumeen begiradatik” mahai-inguruarekin. Emakume migratu eta arrazializatuen arazoak aztertzeko beharra ikusita, Hondarribiko Udaleko Berdintasun arlotik ere, herrikide hauen errealitatea ikusarazteko eskaerarekin bat egin dute. Sara Del Rio, Hondarribiko Udaleko Berdintasun teknikariak azaldu digunez, beraiekin bildu ziren lehen egunetik berdintasuna eta feminismoa lantzeko nahia adierazi diete. «Baina ikuspegi intersekzional batetik» dio teknikariak, izan ere, «beraien generoak eta arrazak ere eragiten dielako, baina etxebizitzaren arazoa edo indarkeria matxista arazo amankomunak ditugu, eta tituluen homologazioan arazoak dituztela esan digute enpleguan eragiten dielako, eta arazo hauei irtenbidea emateko elkarlana sustatu nahi dugu».
Emakume afrikarren presentzia kalean
Baina emakume afrikarrei laguntza juridiko eta laborala eskaintzeaz gain, Senegalgo kultura zabaltzeko eta euskal gizartean txoko bat egitea helburu duen Mankosengal elkarte berria sortu da Hondarribian. Eta jaialdiaren bidez aniztasuna ospatzeaz gain, elkartearen aurkezpena egiteko probestuko dute. Mankosengalek “barku baten bidezko elkartasuna” esan nahi duela azaldu du Binta Sarrek Hondarribiko Polborinan egindako aurkezpenean.
Awa Seck elkarteko presidenteak argitu duenez, Hondarribian, Irunen eta inguruko herrietan senegaldar jatorria duten emakumeek osatzen dute elkartea. Igandean, Afrika Eguna ospatuko dute aurreneko aldiz, eta ekitaldiak Hondarribiko kaleak emakume afrikarren presentziaz beteko badira, «herritartasun inklusibo baten aldeko aldarrikapen» gisa egingo dute. Izan ere, Mankosengal elkartearen manifestua irakurriko dute 12:30ean Madalen plazan. Aurretik Gipuzkoa plazatik abiatuko dira Madalen karrikara herriko kaleetan haien presentzia nabarmenduz, eta 13:00tik aurrera tailer anitz proposatuko dituzte. 14:00etan Senegalgo janari tipikoen dastaketa izango da, eta segidan arratsaldez, musika emanaldia eta kirol tradizionalak.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak elkartearen aurkezpena egin eta Afrikaren Munduko Egun honetarako antolatutako jarduerekin batera, «emakume hauek beraien bizitza gurearekin batera egiteko gonbidapena eta saiakeraren garrantzia» azpimarratu du. Alde horretatik, Hondarribian migratzaile komunitate nabarmena dagoela gogoratu du alkateak, oro har biztanleen %10 inguru, eta senegaldarrak horien artean komunitate jendetsua dela dio alkateak. Gizarte inklusibo batentzako elkar ezagutza ezinbestekoa dela ulertuta, igandeko jaialdira hurbiltzeko deia luzatu die hondarribiarrei.
Afrika Eguna 2025 (egitaraua):
- 11:30ean: Ongietorria eta kulturarteko kale-ibilbidea (Gipuzkoa Plazatik Madalen karrikara).
- 12:30ean: Mankosengalen manifestuaren irakurketa.
- 13:00-14:00: Tailer glokalak: Txirikorda laborategia, Senegalgo turbanteak egiteko tailerra, Afrikako ehunekin egindako produktu solidarioen erakusketa, Wolof-euskara idazteko tailerra, Senegalgo ipuin tradizionalak, eta haurren arte-adierazpen tailerrak eta aurpegi-margoketak.
- 14:00etan: Senegalgo jaki tipikoen dastatzea: Thieboudienne, Maffe, Thiakry eta edari tradizionalak.
- 15:00-17:00: Senegalgo musika emanaldia.
- 17:00etan: Kirol jarduera tradizionalen erakustaldia.